Munduko hizkuntzen amarauna
 
Aurkezpena
Munduko hizkuntzei buruzko txostena
Hizkuntzen datu-bilketa
Galdeketa bete
Berriak
Artikuluak
Europako hizkuntzak
Hizkuntzak eta Immigrazioa
Eztabaida-gunea
Estekak
Harremanetarako

Web gune honetako atal batzuetan Flash Player plug-ina instalaturik izatea beharrezkoa da.


MUNDUKO HIZKUNTZEI BURUZKO TXOSTENA

 

Aurkibideak

 

 

 

 

    

2005ean  Multilingual Mattersek Txostenaren ingelesezko bertsioa argitaratu zuen  (Words and Worlds), eta Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU-UPV), euskarazko edizioa (Hizkuntzen Mundua; Munduko hizkuntzei buruzko txostena). 2006ko urrian frantsesezko edizioa Un Monde de Paroles, paroles du monde (L'harmattan) eta gaztelerazkoa Palabras y Mundos. Informe sobre las lenguas del mundo (Icaria) aurkeztuko dira. Lau bertsiotarako urte askotan zehar egindako lan guztia Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak diruz lagundutako lana izan da.

Munduko hizkuntzei buruzko txostenak Leioan 1996.urtean Hizkuntz Politikei buruz egin zen LINGUAPAX Nazioarteko Mintegian du iturburua. Mintegi hartan, Federico Mayor Zaragozak, orduko UNESCOko Zuzendari Nagusiak munduko hizkuntzen egoerari buruzko ikerketa egitea proposatu zuen. Hain zuzen ere, Mayor Zaragoza jaunak zera esan zuen:

Munduko hizkuntzen egoerari buruko UNESCOren lehen txosten baten premia dago, planetako hizkuntz aberastasuna deskribatu eta munduko lurralde guztietan hizkuntzek dituzten arazoak azalduko dituena, hizkuntz ondarearen kontzientzia sustatu, euren bilakaera behatzen lagundu eta hizkuntza biziak babesteko neurri gaurkotuak gomendatzeko helburuz.

Munduko hizkuntzei buruzko txostena izeneko proiektua UNESCOren 1997ko Biltzar Nagusian (29. bileran) onartu zen eta Euskal Herriak finantzatuta dago, Eusko Jaurlaritzaren (Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusia eta Kultura Saila) eta Unescoren artean 1997ko uztailaren 23an sinatutako Akordio-Memorandumari jarraiki.
  

Txostenaren helburuak

Txostenaren helburuak, munduko hizkuntza desberdinei buruz ahalik eta informazio gehien biltzea da, munduko hizkuntz ondareari buruzko datu-bankua sortzeko, hizkuntzei buruzko egoeraren diagnosia egitea eta errealitate soziolinguistikoen prospekzio azterketa burutzea. Hori guztia desagertzeko arriskuan edoeta gutxitutako egoeran dauden hizkuntzen sustapen eta berreskurapenerako politiken arloan hartu beharreko erabakiak errazteko.

Egitasmo hau gauzatzeko, zeregin desberdinak dituzten batzordeetan dauden hainbat adituren laguntza izan du UNESCOk. Batzorde Zientifikoa nazioarteko adituek osatzen dute. Miquel Siguán buru delarik, Batzorde honek aholkularitza lanak egiten ditu. Batzorde Teknikoa Euskal Herriko Unibertsitateko, Salamancako eta Bartzelonako Unibertsitateetako irakasleek osatzen dute. Txostena egiteaz gain, proiektuaren koordinazio orokorraz ere arduratzen dena, hain zuzen ere. Egitasmo hau aurrera eramateko denboraldi osoan laneran ari den lan taldea ere badago. Idazkaritza Teknikoan, eguneroko lanean diharduen taldearen egoitza Bilboko UNESCO ETXEAn dago.
 

Ikerketaren abiapuntua

Munduko hizkuntzei buruzko txostena hizkuntz ordezkapen prozesuen ikerketek lortutako emaitzetatik abiatzen da. Zentzu honetan, zera ikus dezakegu: azken hogeita hamar urteotan hizkuntza kopurua pixkanaka-pixkanaka murrizten joan dela, hizkuntza gehienetako hiztun kopurua ere murrizten ari dela eta hedapen prozesuan dauden hizkuntzetako (ingelesa, swahilia, tagaloa, indonesiera, e.a.) hiztun kopurua, berriz, goraka doala (Junyent 1999).

Gaur egungo hizkuntza bizien kopurua 5.000 eta 6.000 bitartekoa dela uste da, baina horietako asko hil egingo dira hurrengo urteetan (Junyent 1993, Hale 1992, Krauss 1992). Horrela Junyent-en (1999) hitzetan:

Azkeneko bostehun urteetan, munduko hizkuntzen kopurua erdira jaitsi da. Dacsyren estatistiken arabera, 1970etik 1985era bitartean, hizkuntz kopurua 4.500etik 2.700era jaitsi zen; beraz, 1.800 hizkuntza desagertu ziren 15 urtetan. Gaur egun, gutxi gorabehera 2.000 dira transmititzen ez diren hizkuntzak, eta joerak bere horretan jarraitzen badu, XXI. mendean gizateriaren hizkuntz ondarearen %90 desagertuko da.

Ondorioz, hauxe da proiektuaren alderdi deskriptiboarekin jakinarazi nahi dena: hizkuntzen homogenizazio prozesua mundu guztian gertatzen den fenomenoa dela; gune geografikoaren eta hizkuntz komunitate motaren arabera ezaugarri desberdinak dituelarik.

Hizkuntz ordezkapen prozesuen ikerketa orain dela gutxi garatu da soziolinguistikan eta, oraindik, oso esparru mugatua du. Egitasmo hau esparru horretan egindako lanei buruzko informazio zehatzetik abiatzen da. Zentzu honetan, lortutako emaitzek zera adierazten dute, hizkuntzen etorkizunari buruzko diagnostikoa sarritan hiztunen hautematean oinarritzen dela eta homogenizaziorako joera orokorra alde batera uzten dela; honenbestez, txosten honek garrantzi berezia ematen dio diagnostikoari, diagnostikoaren bitartez munduko hizkuntzen iragarpen fidagarriak eskaini nahi baitira. Hitz gutxitan esanda, hizkuntzen egoera eta dinamika azaltzen dituen informazio objektiboa eskaintzen da.

Munduko hizkuntzei buruzko txostena izateak, eta ez hizkuntza jakin batzuei buruzkoa, diagnostiko zehatzagoak eta zuzenagoak egitea ahalbidetu du. Orain arte hizkuntza jakin batzuk aztertu direnez, ez dira euren egiazko testuinguruan aztertu. Beste modu batean esanda, hizkuntzen egoera eta bilakaera aztertzerakoan ez da kontuan hartu hizkuntza hauek hedapen prozesuan dauden beste hizkuntza batzuen ondoan edoeta hauek inguratuta bizi direla eta batzuk eragin handia dutela besteengan.

Kontuan izan behar da hizkuntz ordezkapen prozesuak azaltzeko orain arte garatu den teoria bakarra Sassek (1992) proposatutakoa dela eta bere planteamenduak ordura arte aztertutako kasu bakanetan oinarritu behar izan zuela, nahitaez. Gure proiektuaren zabaltasuna kontuan hartuz, baliteke hizkuntzen heriotza edo berpiztuera azaltzeko erreferentzi eremu bat sortuko duten generalizazio berriak lortzea. Nolabait esateko, jarduera esparru berriak zehaztu eta zabaltzea ahalbidetzeko moduan aztertzen du txostenak hizkuntz dinamika.

Baina, egitasmoaren erronkarik handiena, zalantzarik gabe, etorkizuneko azterketa prospektiboa da. Kontuan hartuz gaur egungo gatazka asko eta asko kultura eta hizkuntz nortasunarekin zerikusia duten gaiekin lotuta agertzen direla, hizkuntzak desagertzeak biziraupenerako baliabideen murrizketa dakarrela eta, askotan, talde patologien sortzaile direla, premiazkoa da komunitate linguistiko guztien garapen osoa ez oztopatzea. Aski da Afrikako Erdialdeko pigmeoei, Afrikako Ekialdeko khoisan herriei, Australiako aborigenei, Estatu Batuetako eta Kanadako amerindiarrei edo Amazoniako komunitateei geratzen ari zaiena ikustea horretaz jabetzeko. Beste hitz batzuekin esanda, beharrezkoa da munduan hizkuntz politika egokiak gauzatzea, horrela, pertsonen arteko bizikidetasun egokirako oinarriak ezarriko baitira (Pinker, 1994).

Lehen esan bezala, proiektua lehendik esparru honetan egin diren lan eta teorietatik abiatzen da. Hala ere, konturatu gara ezin dela jaso hizkuntza guztien informazioa. Horri buruz, zera esan beharra dago: informaziorik eza informazio gisa hartu dela eta informazioa helezina den hizkuntzen kasuan, jarraipen berezia egin da gatazka, genozidio, edo balizko deportazioak aurkitzeko. Alderdi hori proiektuaren prospekzio azterketaren zati garrantzitsua izan da eta alde honetatik lan berria izan da, izan ere, orain arte informaziorik eza hizkuntza jakin batzuetan hartu da kontuan baina ez era orokorrean (Grimes, 1996).

Hasieratik esan beharra dago informazioren prozesaketa komunitateen datuetan oinarrituz egin dela. Hau da, muga administratiboak kontuan hartu gabe. Informazioa horrela prozesatzea funtsezkoa da, guren ustez, proiektuaren prospekzio azterketarako; izan ere, hiztun kopuruan aldaketa garrantzitsuak eragingo baititu. Oro har, hiztunei buruzko datuak errolda ofizialetatik ateratzen dira, eta hauek, estatuen mugak kontuan hartuz egiten dira. Baina komunitate linguistikoetan oinarrituz egingo balira, izugarri aldatzen dira kopuruak. Ethnologuek (Grimes, 1996) ematen dizkigun datuen arabera, 1.000 hiztun baino gutxiago dituzten hizkuntzen kopurua 412koa da (Brasilen 144, Kanadan, 39, Indian 76, Ameriketako Estatu Batuetan 124, Zairen 6 eta Kamerunen 23). Baina zenbaketa egiteko komunitate linguistikoetan oinarritzen bagara, 1.000 hiztun baino gutxiagoko hizkuntzen kopurua 374ra jaisten da. Hau da, 38 hizkuntza gutxiago. Adibide hau nahikoa da hizkuntz politika eraginkor batek esparru administratiboa gainditu eta alderdi historikoak, geografikoak, soziologikoak eta abar kontuan izan behar dituela erakusteko. Esan gabe doa, horiek guztiak hartuko direla kontuan informazioa prozesatzerakoan.

Hizkuntz desagerpena dugu mende honetako arazorik larrienetako bat eta, gainera, atzerabiderik gabeko arazoa dela dirudi (Hale, 1992). Hori bakarrik ez: hiztunak ez dira konturatzen euren hizkuntza hiltzen ari dela harik eta prozesuak atzerabiderik ez duen arte. Beraz, garbi dago premiazkoa dela munduko aberastasun linguistikoaren babesa bultzatuko duen konponbideren bat aurkitzea. Horretarako, nazioarteko komunitateak hizkuntzei buruzko informazio objektiboa behar du, eta zentzu honetan, UNESCOk sustatutako Munduko hizkuntzei buruzko txostena lagungarri ona izan daiteke, ez bakarrik hizkuntzarik ahulenak salbatzeko, baizik eta bidezkoak ez diren hierarkizazioak saihestuko dituzten formulak sortzeko. Hizkuntzak eta kulturak, pertsonak bezala, berdinak dira duintasunari dagokionez, nahiz eta ikuspuntu demografiko, politiko eta ekonomikotik desberdintasun nabarmenak egon beraien artean. Carmen Junyentek (1993) dioen legez,

"Agian merezi du honako gai honetaz pentsatzea: zer gertatu ote zaio aitona bati, kalte egingo diola uste duelako bere hizkuntza bilobari transmititu nahi ez izateko (eta hori milioika lagunengan eragina duen arazoa da) edo bestela, zenbateraino umiliatu duten pertsona bat bere hizkuntzak ezertarako balio ez duela pentsatzera iristeko (ezta bere umeei hitz egiteko ere, bere gurasoek berari hitz egin zioten bezala)".

Egitasmoaren metodologia

Txosten honen oinarri modura erabili den metodologiak funtsezko bi zutabe ditu: galdeketa eta gai honi buruz lehendik dagoen dokumentazioaren azterketa.
  

Galdeketa

Munduko hizkuntzei buruzko txostenerako erabili den informazioa bilketa galdeketan oinarritzen da. Beraz, tresna hau da ikerketaren ardatz nagusia eta bere mende daude, neurri handi batean, txostenak emango duen informazioaren kopuru eta kalitatea. Bestalde, liburuetan, ikerketetan, eta erakunde espezializatuetan lehendik bilduta dagoen informazioarekin alderatuko dugu informazio hori.
  

Kanpo kolaborazioak

Munduko gune ezberdinetan kokatutako psikolinguistika, soziolinguistka eta linguistika arloetan trebatuak diren entzutezko adituek Munduko hizkuntzei buruzko txostenarekiko kanpo kolaborazioak egin dituzte. Jakitun hauek txostenari egin dizkioten gai zehatz bati buruzko ekarpen zientifikoak ikerketarekin batera argitaratuko dira
 

Nazioarteko biltzarrak

Munduko Hizkuntzei buruzko txosteneko lantaldeak nazioarteko batzar eta biltzarrak leku estratejikoetan antolatu ditu lingüística eta soziolinguistika arloetan jakitun diren adituekin euren gune linguistikoetan bertan. Biltzar eta nazioarteko mintegiak honako leku hauetan egin dira:

 

  • COCHABAMBA (BOLIVIA), 'La situación Indoamericana', 1999.ko martxoaren 3tik 6ra)
  • OUAGADOUGOU (BURKINA FASO), 'Seminario Internacional LINGUAPAX', 1999.ko ekainaren 14tik 17ra)
  • MYSORE (INDIA), 'Linguistic Heritage in India and Asia', 2000.ko martxoaren 6tik -10ra
  • MELBOURNE (AUSTRALIA), "Pacific: A Language Treasure", 2001eko apirilaren 26tik 9ra


Munduko Hizkuntzei buruzko txosteneko lantaldeak honako nazioarteko biltzarretan ere hartu du parte:
 

  • 'Minority Languages in Russia: perspectives for development' UNESCO Catalunya eta AFORA erakundeek antolatua...1999ko maiatzaren 10etik 16ra


Txostena egiteko proiektua honako biltzarretan ere aurkeztua izan da:

  • Eremu urriko hizkuntzak ('Eremu Urriko Hizkuntzei buruzko VII. Nazioarteko biltzarra', Bilbao, 1999ko abenduaren 1etik 3ra)
  • Kulturarteko hezkuntza elebiduna ('IV Congreso Latinoamericano de Educación Intercultural Bilingüe', Asuncion, Paraguay, 2000ko azaroaren 6tik 9ra).
  • Herrialde indigenak "Working group on Indigenous Peoples", NBE, Geneva, Suitza, 1999 eta 2000ko uztaila). Batzar honetan proiektua aurkezteaz gain bertaratutako herrialde ezberdinen ordezkarien partehartzea bultzatu zen.


Gure esker ona helarazi nahi diegu proiektu honetan eskuzabaltasunez lagundu diguten guztiei (barka, hala ere, zerrenda honetan inor aipatzea ahaztu bazaigu, edota nahi gabe daturen bat behar bezala eman ez badugu):

Zuzendaritza batzorde izandako kideei:

  • José Antonio Ardanza, Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohia; Vigdis Finnbogadottir, Hizkuntzetarako UNESCOren Borondate Oneko enbaxadorea, Zientzi Ezagutzaren eta Teknologiaren Etikako Mundu Batzordeko presidentea, eta Islandiako Errepublikako presidente ohia; Enric Masllorens, Centre UNESCO de Catalunya-ko presidente ohia; Joseph Poth, UNESCOren Hizkuntzen Saileko zuzendari ohia.

Batzorde zientifiko izandako kideei:

  • Miquel Siguan, Bartzelonako Unibertsitatea, Bartzelona; E. Annnamalai, Indiar Hizkuntzen Institutu Zentrala (CIIL), Mysore, India; Denis Cunningham, Hizkuntza Bizietako Irakasleen Nazioarteko Federazioa (FIPLV), Victoria, Australia; E. Nolue Emenanjo, Nigeriako Hizkuntzetarako Institutua, Aba, Nigeria; Irina Khaleeva, Moskuko Hizkuntzalaritzako Estatu Unibertsitatea, Mosku, Errusia ;Luis Enrique López, PROEIB Andes, Cochabamba, Bolivia;Mohamed Miled, Tunis-eko Hizkuntz Institutua, Tunisia ;Juan Carlos Moreno, Madrilgo Unibertsitate Autonomoa, Madril; Philippe N´Tahombaye, Burundiko Unibertsitatea, Bujumbura, Burundi; Irmela Neu, Fachhochschule, Munich, Alemania;

Raymond Renard, Hizkuntzen Plangintza Linguistiko eta Didaktikoan UNESCO katedraduna, Mons-Hainaut-eko Unibertsitatea, Mons, Belgika ;Ignace Sanwidi, Hezkuntza eta Bakearen Kulturarako Kontseilaria, Ouagadougou, Burkina Faso; Jean-Jacques Van Vlasselaer, Carleton-eko Unibertsitatea, Ottawa, Kanada.

Egileak: 

  • Félix Martí, Linguapax Nazioarteko Batzordea eta Hizkuntza Aniztasuna eta Hezkuntza Eleanitzarako UNESCOren Batzorde Aholkularia
  • Paul Ortega, UNESCO Etxeako zuzendari ohi (Centro UNESCO del País Vasco)
  • Andoni Barreña. Salamancako Univertsitatea
  • Itziar Idiazabal. Universidad del País Vasco - Euskal Herriko Unibertsitatea
  • Patxi Juaristi. Universidad del País Vasco - Euskal Herriko Unibertsitatea
  • Carme Junyent. Bartzelonako Unibertsitatea
  • Belen Uranga, UNESCO Etxea

 KOLABORATZAILE BEREZIAK 

  • Anvita Abbi, Jawaharlal Nehru Unibertsitatea
  • Xavier Albó, Nekazarien Ikerketa eta Sustapenerako Zentroa (CIPCA)
  • Isaac Pianko Ashaninka eta Joaquim Mana Kaxinawa, Acre-ko Irakasle Indigenen Erakundea (OPIAC)
  • Ayo Bamgbose, Ibadán-eko Unibertsitatea
  • Wynford Bellin, Cardiff-eko Unibertsitatea
  • Jean-Paul Bronckart, Genevako Unibertsitatea
  • Bernard Comrie, Max Planck Institute for Evolutionary Anthropology
  • Nancy C. Dorian, Bryn Mawr College
  • Francis Favereau, Rennes 2 Unibertsitatea
  • Joshua A. Fishman, Jeshiva-ko Unibertsitatea
  • Barbara F. Grimes, Ethnologue
  • Josiane F. Hamers, Lavalgo Unibertsitatea
  • Sun Hongkai eta Huang Xing, Txinako Eremu Urriko Hizkuntzen Elkarte Akademikoa
  • Joseba Intxausti
  • Irina Khaleeva, Moskuko Hizkuntzalaritzako Estatu Unibertsitatea
  • Omkar N. Koul eta Debi Prasanna Pattanayak, Indiar Hizkuntzen Institutu Zentrala
  • Multamia RMT Lauder, Indonesiako Unibertsitatea
  • Chura Mani Bandhu, Nepalgo Unibertsitatea
  • Grant D. McConnell, Lavalgo Unibertsitatea
  • Bartomeu Melia, Paraguaiko "Antonio Guasch" Ikerketa Zentroa (CEPAG)
  • Juan Carlos Moreno, Madrilgo Unibertsitate Autonomoa
  • Peter Mühlhäusler, Adelaidako Unibertsitatea
  • Raymond Renard, Mons-Hainaut-eko Unibertsitatea
  • Suzanne Romaine, Merton College
  • Miquel Siguan, Bartzelonako Unibertsitatea
  • Miquel Strubell, Universitat Oberta de Catalunya
  • eta Alexey Yéschenko, Ipar Kaukasoko Ikerketa Soziolinguistikoen Zentroa (Pyatigorsk).

 

Idazkaritza Teknikoa

UNESCO ETXEA