Munduko hizkuntzen amarauna
EUROPAKO HIZKUNTZAK

Kazakhera
Familia: Turkiar hizkuntzak ( Altaitarrak )
Hizkuntzen datu-bilketa: Inkesta ikusi >>

Kazakhera hizkuntza jatorriz Asiako erdialdekoa da, gaur egun Kazakhaztan deitzen den Estatuaren ingurukoa. Kazakhtarra herri nomada izan da oraintsu arte; hots, toki batetik bestera egin izan du bizimodua urtean zehar. Berezitasun horrek, besteak beste, halako errebelde fama ere ekarri dio, eta bizimodua inon ez finkatzearena. Haien izena ‘qazak’ hitzetik ei dator, eta ‘ibildaun edo alde batetik bestera alderrai dabilena’ esan nahi du.

Gaur egun, kazakhtarrak batez ere Asiako Kazakhztanen eta inguruko lurraldeetan (Txinako Xinjianegen, Kirgiztanen, Uzbekistanen eta Mongolian) bizi dira. Kazakhztanen bost milioitik gora dira kazakhtarrak, eta guztira zortzi milioitik gora. Baina badira Europan bizi direnak ere, Errusiar Federakundeko Volga ibaitik Kazakhztanerantz, ekialderantz, zabaltzen den lurraldean (ikus 11. mapa), hain zuzen ere (Price 2000).

Kazakherak Kazakhztanen dauka estatus ofiziala, eta bertan hezkuntzako eta administrazioko hizkuntza da; batez ere, herrialdeak independentzia lortu zuenetik. Europako aldean, ez du halako estatusik. Idazteko, alfabeto zirilikoa erabiltzen dute gaur egun, lehen idazkera arabiarra ere erabili izan duten arren.

Kazakhera hizkuntza altaitarra da, turkiar adarrekoa. Europan hainbat dira hizkuntza turkiarrak; hala nola, azerbaijanera, balkarera, bashkirera, chuvashera, gagauzera, karachayera, karaimera, kazakhera, kumykera, nogaiera, tatarrera, turkiera eta urumera.

Itxi