Munduko hizkuntzen amarauna
EUROPAKO HIZKUNTZAK

Katalana
Familia: Latindar hizkuntzak ( Hizkuntza indoeuroparrak )
Hizkuntzen datu-bilketa: Inkesta ikusi >>

Katalanez 7 milioi lagunek hitz egiten dute Andorra, Espainia, Frantzia eta Italiako estatuetan. Andorran 49.000 dira katalan-hiztunak; Espainian, 4.500.000 Katalunian, 629.000 Balear Uharteetan, 3.199.000 Valentzian eta 47.000 Aragoiko Franxa izeneko zerrendan; Frantzian, 203.000 Ipar Katalunian; eta Italian, 20.000 Sardiniako El Alguer herrian (ikus 6.mapa).

Katalana latinaren ondorengoetako bat da, mendeetan zehar Frantziako hego-ekialdean eta Espainiako ipar-ekialdean garatutakoa. Sardiniako El Alguer herrira, berriz, konkista bidez heldu da.

Gordetzen diren katalanezko lehenengo idazkiak XII. mendekoak dira. Harrezkero, katalanak izugarrizko garapena izan zuen prestigiozko hizkuntza gisa, Kataluniako gobernuaren hizkuntza izan zelako. Literatura ere ederra izan zuen Erdi Aroan.

Segalarien gerraren ondoren (1640-1659), ipar Kataluniako lurraldea Frantziar Erresumaren mende geratu zen. Lurralde horretan berehala debekatu zen katalan hezkuntzan eta administrazioan erabiltzea. Espainiako Ondorengotza Gerratearen ostean (1704-1714), lurralde katalanek beren erakundeak galdu zituzten, eta katalana irakaskuntzatik, administraziotik eta merkataritzatik kanpo geratu zen.

XIX. mendearen bigarren aldian katalan hizkuntzak eta katalan kulturak Berpizkundea (‘Renaixença’) izan zuen. XX. mendearen hasieran, 1907an, Institut d’Estudis Catalans erakundea sortu zen, katalana jagoteko, eta 1913 eta 1930 artean katalan estandarra arautu zen.

Gaur egun, 1979. urtetik aurrera, katalana Kataluniako hizkuntza ofiziala da, gaztelaniarekin batera. Balear Uharteetan egoera berean dago 1983. urtetik. Valentzian, 1982an, valentziera izendatu zuten hizkuntza, eta koofizial bihurtu. Andorran, 1993. urtetik hizkuntza ofizial bakarra da.

Katalunian eta Balear Uharteetan katalana hezkuntzako hizkuntza da, baita administraziokoa ere. Hedabideetan badira katalanezko egunkariak, aldizkariak, irratiak eta telebistak. Valentzian egoera ez da halakoa: gaztelania hedatzen ari da, eta horixe da hezkuntzako eta administrazioko hizkuntza nagusia.

Katalanaren egoera Katalunian sendoa den arren, Sardiniako El Alguer herrian, Frantziako Ipar Katalunian eta Valentzian atzeraka ari da nabarmen.

Katalana hizkuntza indoeuroparra da, latindar adarrekoa, aragoiera, arumanera, asturiera, galiziera, gaztelania, frantsesa, friulera, italiera, portugesa eta sardiera bezala.

Itxi