Munduko hizkuntzen amarauna
EUROPAKO HIZKUNTZAK

Kashubiera edo cassubiera
Familia: Eslaviar hizkuntzak ( Hizkuntza indoeuroparrak )

Kashubierari nazioartean kashubian, kaszubski, cashubian eta cassubian deitzen zaio. Hizkuntza honetan Polonian hitz egiten da, ipar-erdialdean, Baltiko itsasotik hur (ikus 4. mapa).

Kashubiera-hiztunak 150.000 inguru dira (Price 2000) iturri batzuen arabera, baina beste batzuek 3.000 baino ez direla diote (Grimes 2005). Moskal-en (2004) arabera, 52.600 dira.

Oso ume gutxik dakite kashubieraz, eta, gainera, ez du inolako babes ofizialik. Horregatik, UNESCOk agindutako Europako arriskupeko hizkuntzen liburu gorria (Salminen, Tapani (2005, 1999)) txostenaren arabera, kashubiera ‘arrisku larrian’ dago.

Kashubiera hizkuntza indoeuroparra da, eslaviar adarrekoa hain zuzen. Hizkuntza eslaviarrak Europan hitz egiten dira, batez ere. Hauek dira horietako batzuk: bielorrusiera, bosniera, bulgariera, errusiera, eslovakiera, kashubiera, kroaziera, mazedoniera, poloniera, pomakera, rutheniera, serbiera, sorbiera, txekiera eta ukrainera.

Itxi