Munduko hizkuntzen amarauna
EUROPAKO HIZKUNTZAK

Kareliera
Familia: Uraldar hizkuntzak

Kareliera-hiztunak Errusiar Federakundeko ipar-mendebaldeko Karelian bizi dira (ikus 10. mapa), Finlandiarekiko mugatik hur, hain zuzen. Alabaina, Bigarren Mundu Gerraren ostean, zenbait kareliarrek Finlandiara alde egin zuten bizi izatera.

Errusian kareliar jatorrikoak 172.000 ei dira, baina kareliera-hiztunak 118.000 inguru, eta beste 10.000 inguru Finlandian, 1994ko erroldaren arabera, behintzat.

Aipagarria da kareliarren artean nola jaitsi den kareliera-hiztunen kopurua azken 50 urteetan): %71tik %48ra (ikus 7. irudia).

Kareliarrak gutxiengoa dira Karelian, beren jatorrizko lurraldean. Dirudienez, Karelian %10 inguru dira, eta askoz ere gutxiago hirietan (Kolga eta beste 2001). Kareliarren ehunekoa Kareliako biztanleen artean ere izugarri jaitsi da azken ehun urteetan.

Kareliarrak Karelian hain gutxi izatearen arrazoia zein den jakiteko, historiari begiratu behar zaio. Karelia suediarren eta errusiarren gatazka-gunea izan zen XIII. mendean, baina jarraian Errusiak menderatu zuen lurralde hori. Hurrengo urteetan, errusiarrek Karelia kolonizatu eta hiritartu egin dute.

Hizkuntza hau oso egoera larrian dago, hezkuntzan eta administrazioan errusiera erabiltzen delako. UNESCOren Europako arriskupeko hizkuntzen liburu gorria txostenaren arabera (Salminen, Tapani (2005, 1999)), kareliera ‘arriskupeko hizkuntza’ da.

Edozelan ere, karelieraren egoera ez da bera lurralde osoan. Esaterako, kareliarren artean valdaitarrak eta tikhvintarrak, San Petersburgotik hur bizi direnak, errusiartu egin dira. Djorzhatarrek eta Olonetstarrek, aldiz, beren hizkuntza gorde egin dute, eta etxeko eguneroko bizitzan horixe darabilte.

Nazioartean kareliera izendatzeko izenak karelian, olonets, karely, sobstvenno-karel'skij-jazyk, severno-karel'skij eta karel'skiy jazyk dira. Karelieraz, ostera, karjalan kieli(i) deitzen diote hizkuntzari, eta karjalaiset edo karkarjalazhet herritarrei.

Kareliera hizkuntza uraldarra da. Hizkuntza uraldarrak Europan eta Asian hitz egiten dira. Europan makina bat dira; hala nola, erzyera, estoniera, finlandiera, hungariera, ingriera, komiera, komi-permyakera, livera, livviera, ludiera, mariera, mokshera, samiera, udmurtera, vepera eta vodera.

Itxi