Munduko hizkuntzen amarauna
EUROPAKO HIZKUNTZAK

Karaimera
Familia: Turkiar hizkuntzak ( Altaitarrak )
Hizkuntzen datu-bilketa: Inkesta ikusi >>

Karaimtarrak Ukrainako hego-mendebaldeko Krimean eta Lituanian bizi dira. Nola heldu dira hain urrun dauden lurraldeetan bizi izatera? Jatorrizko lurraldea Krimeako erdialdeko mendi-ingurua dela esan daiteke, baina 1337an Lituaniako Duke Nagusiak 383 senitarte karaimdar eroan zituen Lituaniara, eta ordutik haien ondorengoak bertan bizi dira (Kolga eta beste 2001).

Gaur egun, karaimdarrak bost mila baino gutxiago dira guztira, eta karaimeraz hitz egiten dutenak are gutxiago. Esaterako, Grimesen (2000) arabera, 535 dira karaimera-hiztunak Lituanian, eta oso ume gutxik daki hizkuntza horretan hitz egiten. UNESCOren Europako arriskupeko hizkuntzen liburu gorria (Salminen, Tapani (2005, 1999)) txostenean esaten denaren arabera, karaimera ‘arrisku larrian’ dauden hikuntzetakoa da, ez baitago karaimeraz dakien umerik.

Belitser-ek (2004) dioenez, karaimdarrak (hark karaitera eta karaitarra terminologia darabil) 1.196 dira Krimean, baina karaimeraz dakitenak 72 baino ez. Halere, ikertzaile horren ustez bada aukera txiki bat hizkuntzak eta kulturak bizirik irauteko.

Karaimera hizkuntza altaitarra da, turkiar adarrekoa. Europan hainbat dira hizkuntza turkiarrak; hala nola, azerbaijanera, balkarera, bashkirera, chuvashera, gagauzera, karachayera, karaimera, kazakhera, kumykera, nogaiera, tatarrera, turkiera eta urumera.

Itxi