Munduko hizkuntzen amarauna
EUROPAKO HIZKUNTZAK

Karachayera
Familia: Turkiar hizkuntzak ( Altaitarrak )
Hizkuntzen datu-bilketa: Inkesta ikusi >>

Karachayera Errusiar Federakundeko Ipar Kaukasoko Karachay (edo Karachaevo-Cherkesasia) Errepublikako hizkuntza da (ikus 11. mapa). Karachay Errepublikan, karachaieraz gain, abazeraz, errusieraz, kabardieraz eta nogaieraz hitz egiten da. Horietatik, hizkuntza ofizialak edo koofizialak karachaiera, nogaiera eta errusiera dira (Morózova eta Yéschenko 1999).

Karachay Errepublikan 156.000 inguru dira karachaytarrak, 1993ko datuen arabera, eta horietatik %97k hitz egiten du karachayeraz (Grimes 2005).

Karachayeraren autoglotonimoa karachay til da. Nazioartean honako izen hauek erabiltzen dira hizkuntza hau izendatzeko: karachay, karachai, karachayla, karachaitsy eta karacaylar.

Karachayera eta balkarera (ikus balkarera) oso hur daude elkarrengandik, eta hizkuntza bakartzat jo dituzte hizkuntzalari askok. Halere, estandar bana dutenez, guk hizkuntza beregaintzat jo ditugu.

Stalinen garaian, 1944tik 1957ra bitartean, karachaytarren %25 eta %50 artean egotzi zituzten Karachaytik Kazakhstanera eta Siberiara. Geroago, beren jatorrizko bizilekuetara itzultzen ahalegindu dira.

Karachayera hizkuntza altaitarra da, turkiar adarrekoa. Europan hainbat dira hizkuntza turkiarrak; hala nola, azerbaijanera, balkarera, bashkirera, chuvashera, gagauzera, karachayera, karaimera, kazakhera, kumykera, nogaiera, tatarrera, turkiera eta urumera.

Itxi