Munduko hizkuntzen amarauna
EUROPAKO HIZKUNTZAK

Kabardiera
Familia: Ipar-mendebaldekoa ( Kaukasoar hizkuntzak )
Hizkuntzen datu-bilketa: Inkesta ikusi >>

Kabardiera Errusiar Federakundeko Ipar Kaukasoko Kabardino-Balkaria Errepublikako hizkuntzetako bat da, errusierarekin eta balkarerarekin batera (ikus 12. mapa). Hiru hizkuntzak dira koofizialak bertan, baina errusierak Estatuaren babesa du, argi eta garbi. Horrez gain, Karachay-Cherkessian eta Ipar Ossetiako Mozdok hirian ere kabardieraz mintzatzen da (Morózova eta Yéschenko 1999).

Kabardieraz adygebze edo adygabze da hizkuntzaren izena; hots, autoglotonimoa. Nazioartean hizkuntza hori izendatzeko erabiltzen diren izenak honako hauek dira: kabardian, besleni, upper circassian, east circassian, kabardino-cherkes eta kabardi-cherkes.

Guztira ia 440.000 dira hiztunak Errusiar Federakundean. Alabaina, Grimesen (2005) arabera, beste 550.000 kabardiar Turkian bizi dira, bertara XIX. mendean joan ziren-eta, Kaukasoko gerra latzetatik ihesi.

Kabardiera koofiziala den neurrian, hezkuntzan eta administrazioan erabiltzen da. XX mendearen hasieran hasi zen idazten, alfabeto arabiarra eta zirilikoa erabiliz. Gaur egun, alfabeto zirilikoan oinarritutako idazkera nagusitu da.

Kabardiera hizkuntza kaukasiarra da, ipar-mendebalde azpitaldekoa, abazera, abkhazera, adyghera eta ubykherarekin batera.

Itxi