Munduko hizkuntzen amarauna
EUROPAKO HIZKUNTZAK

Ladinoa (Judeo-espainiera)
Familia: Latindar hizkuntzak ( Hizkuntza indoeuroparrak )
Hizkuntzen datu-bilketa: Inkesta ikusi >>

Ladinoa Gaztela eta Aragoiko errege-erreginek 1492. urtean beren erresumetatik egotzitako juduen ondorengoen hizkera da. Garai hartan, Aragoiko Fernando erregeak eta Gaztelako Isabel erreginak, Errege-erregina katolikoak deiturikoek, honako bi hauen artean aukeratzeko agindu zieten juduei: kristau bihurtu ala beren erresumetatik alde egin. Alde egitea erabaki zutenak hainbat tokitarantz abiatu ziren; hala nola, Portugalera, Italiara, Ipar Europara, Ipar Afrikara edo orduko Inperio Otomondarraren lurraldeetara. Beren sinesmenari uko egin ez eta Espainiatik egotzitako juduei sefardiak edo sefarditak deitu zitzaien.

Inperio Otomandarraren lurraldeetara abiatu zirenak, Sarajevo, Bukarest, Sofia, Salonika eta Istanbul hirietara heldu ziren, besteak beste, eta haietan jarri zituzten beren negozioak, agintarien harrera onari esker. Hizkuntzarekiko izan zuten txeragatik edo, Mediterraneoko ekialdekoek gaur egun arte gorde dute beren hizkuntza.

Gorde duten hizkuntza, haiek gaztelania deitzen dutena, XV. mendeko gaztelanian oinarrituta dago. Egia esanda, penintsulako gaztelaniak bere bideari jarraitu dion legez, gauza bera egin du sefardien gaztelaniak, bere bide berezia egin du azken 500 urteetan. Lehenengo mendeetan, grekeraren eta arabieraren eragina izan zuen, eta XIX. mendetik aurrera, frantsesarena, garai hartan frantsesez eskolatu baitziren.

XX. mendearen hasierara arte ladinoz idazten jarraitu zuten. Lehendabizi, hebrear alfabetoan oinarrituta; ondoren, alfabeto latindarrean oinarrituta, batez ere frantsesez eskolatu zirenean. Alabaina, Bigarren Mundu Gerra amaitzean, askok eta askok Israelera jo zuten, eta ladinoaren transmisioa eteten hasi zen. Gaur egun, Israelen 100.000 inguru ei dira jatorri sefardia dutenak (Grimes 2005).

Egun, oraindik badira ladinoz hitz egiten dutenak Istanbul, Salonika eta Sofia hirietan, adibidez, eta haiekin ulertzea erraz samarra da gaztelaniaz dakien batentzat. Edozelan ere, badirudi gazteek ez dutela hizkuntza bereganatu, eta gaur egun bizi diren hiztun helduak hiltzean ladinoa desagertu egingo dela (Price 2000). Halere, Grimesek (2005) dioenez, 160.000 dira munduan zehar barreiatuta bizi diren sefardiak.

Ingelesez judeo-spanish da ladinoa izendatzeko izenik hedatuena. Baina badira beste zenbait termino ere; hala nola, judezmo, dzhudezmo, sefardi, eta haquetiya.

UNESCOk agindutako Europako arriskupeko hizkuntzen liburu gorria (Salminen, Tapani (2005, 1999)) izeneko txostenean, ladinoa ‘arrisku larrian’ dagoela esaten da.

Itxi