Munduko hizkuntzen amarauna
EUROPAKO HIZKUNTZAK

Italiera
Familia: Latindar hizkuntzak ( Hizkuntza indoeuroparrak )
Hizkuntzen datu-bilketa: Inkesta ikusi >>

Italiera Italiako hizkuntza ofizial bakarra da, eta Suitzako lau hizkuntza ofizialetako bat. Europar Batasuneko hizkuntza ofizialetako bat ere bada. Italian 55 milioi lagunek hitz egiten dute italieraz, gutxi gorabehera, baina horietako asko eta asko elebidunak dira; Suitzan, 200.000 lagunek; eta Kroaziako Istrian, 70.000k.

Hizkuntza hau gizarteko arlo guztietan erabiltzen da; hala nola, hedabideetan, arte-sormenean, merkataritzan eta ikerketan.

Italiera hizkuntza indoeuroparra da, latindar adarrekoa, aragoiera, arumanera, asturiera, galiziera, gaztelania, frantsesa, friulera, portugesa eta sardiera bezala.

Italierak aldaera ugari ditu, eta badira gaur egun hizkuntza bakarra izan beharrean hizkuntza-taldea dela aldarrikatzen dutenak. Esaterako, Grimesek (2005) hizkuntzatzat jotzen ditu aldaera hauek: Bolonia hiriburutzat duen Emilia-Romagna lurraldekoa (2 milioi hiztun); Genova hiriburuaren lurraldea den Liguruakoa (2 milioi hiztun); Milan hiriburu daukan Lombardia lurraldekoa (8.800.000 hiztun); Napoli hiriburuaren lurraldea den Campaniakoa eta Catanzaro hiriburuaren lurraldea den Calabriakoa (7 milioi); Turin hiriburutzat daukan Piamonte lurraldekoa (3 milioi); eta Venezia hiriburu duen Véneto lurraldekoa (2 milioi hiztun). Edozelan ere, italierak badu forma estandarra, Italia osoan erabiltzen dena.

Itxi