Munduko hizkuntzen amarauna
EUROPAKO HIZKUNTZAK

Irlandera edo Irlandako gaelikoa
Familia: Zelta hizkuntzak ( Hizkuntza indoeuroparrak )
Hizkuntzen datu-bilketa: Inkesta ikusi >>

Irlandako gaelikoa edo irlandera Irlandako hizkuntza da. Lehenago uharte osoan hedatuta bazegoen ere, gaur egun, XI. mendean hasitako ingelesen konkistaren ondoren, iparmendebaldeko eskualdeetan hitz egiten da, batez ere.

Irlandako gaelikoa hizkuntza ofiziala da Irlandan, ingelesarekin batera, eta Europar Batasuneko hizkuntza koofizialetako bat ere bada. Irlandan ofizialtasuna 1920. urtearen inguruan lortu zuen, irlandarrek independentzia lortu zutenean. Halere, kontuan izan Ipar Irlanda deitua oraindik ere Erresuma Batuaren parte dela.

Irlandan denek ikasi behar dute gaelikoa hezkuntzan, baina gehienek ingelesez ikasten dute eta ikasten duten gaelikoa ez da nahikoa izaten gero eguneroko bizitzan erabili ahal izateko.

Horrenbestez, gaelikoaren erabilera nabarmen jaisten ari da gaur egun ere, eta batzuek diotenez, 15.000 lagunek baino ez dute erabiltzen (ikus 6. irudia).

Irlandako gaelikoaren egoera oso larria da. Batetik, bertako gobernuaren laguntza handia du, eta hezkuntzan irakatsia da Estatu osoan. Baina, bestetik, erabilerak etengabe egiten du beherantz. UNESCOren Europako arriskupeko hizkuntzen liburu gorria (Salminen, Tapani (2005, 1999)) txostenean esaten denaren arabera, Irlandako gaelikoa egoera larrian da. Wurmek (2001) ere iritzi bera du.

Hezkuntzan duen erabileraz gain, gaelikoa irratietan eta telebistan ere erabiltzen da. Hedabideetan ere bai, eta bada gaeliko hutsez idazten den (‘eguna’) izeneko egunkaria ere.

Nazioartean Irlandako gaelikoari irish esaten zaio, euskaraz irlandera itzul daitekeena.

Irlandera hizkuntza indoeuroparra da, hizkuntza zelten adarrekoa. Hizkuntza zeltak Europako mendebaldean hitz egiten dira. Gaur egun bizirik direnak hauexek dira: bretainiera, eskoziera (edo Eskoziako gaelikoa), galesera, irlandera (edo Irlandako gaelikoa) eta kornubiera.

Itxi