Munduko hizkuntzen amarauna
EUROPAKO HIZKUNTZAK

Ingushera
Familia: Ipar-ekialdekoa (nakh edo veinakh azpitaldekoa) ( Kaukasoar hizkuntzak )
Hizkuntzen datu-bilketa: Inkesta ikusi >>
Ingushera Errusiar Federakundeko Ipar Kaukasoko Ingushetia Errepublikako hizkuntza da (ikus 12. mapa).

 

Nazioartean ingush da izenik hedatuena ingushera izendatzeko. Alabaina, ingush izena, errusieraren bitartez, Augusht herriaren izenetik ei dator. Ingushdarrek vaj nakh (‘gure herria’) deitzen diote beren lurraldeari, ghalghaaj herritarrei eta ghalghaai mott hizkuntzari.

Ingushetiako ingushtarrak 230.000 lagun inguru dira, bertako biztanleriaren %97, gutxi gorabehera. Ingushera hizkuntza koofiziala da errusierarekin batera, eta hezkuntzan eta administrazioan erabil daiteke.

Halere, ingushtarren egoera lotuta egon da, eta dago, txetxeniarren egoerarekin. Hasteko, Ipar Kaukaso XIX. mendean bereganatu zuen Errusiak Kaukasoko gerra luzeen ondorioz, besteak beste, ingushtarrek eta txetxeniarrek Errusiaren aurka egin arren. Gero, Stalinen garaian, 1944tik 1956ra, izugarrizko egoera latza bizi izan zuten ingushtarrek eta txetxeniarrek. Milaka eta milaka egotzi zituzten beren lurraldeetatik, eta Ingushetiaren zati handi bat Ipar Ossetiari lotu zitzaion. 1991n Txetxeniak independentzia aldarrikatu zuenetik, gerra odoltsu eta gordinean bizi dira txetxeniarrak, eta milaka eta milaka dira Ingushetiara eta inguruko herrialdeetara alde egin behar izan dutenak.

Ingushera hizkuntza kaukasiarra da, ipar-ekialdeko veinakh edo nakh azpitaldekoa, batsera eta txetxenierarekin batera.

Itxi