Munduko hizkuntzen amarauna
EUROPAKO HIZKUNTZAK

Ingriera
Familia: Uraldar hizkuntzak

Ingriarrak, antzinako Ingria izeneko herritarrak, Finlandiako Golkoaren ondoan bizi dira, Baltikoan, Errusiar Federakundearen barruan (ikus 10.mapa). Sobietar Batasunean eginiko 1979ko erroldaren arabera, 16.000 lagun inguru ziren. Halere, horietatik gaur egun 300ek baino ez dute hitz egiten ingrieraz (Grimes 2005).

Egoera oso larrian dagoen hizkuntza da, desagertzeko zorian, besteak beste, oso haur eta gazte gutxik dakitelako ingrieraz (Grimes 2005). UNESCOk agindutako Europako arriskupeko hizkuntzen liburu gorria (Salminen, Tapani (2005, 1999)) izeneko txostenean, hizkuntza hau ‘arrisku larrian’ dagoela esaten da, eta hiztunik gazteenak 40 urte dituela. Oso antzeko iritzia dute Vaba eta Viikberg-ek (2002) eta Wurmek (2001).

Alabaina, nola heldu dira egoera horretara? Historian zehar ingriarrak ez dira asko izan, baina XV. mendetik aurrera, Errusiak menderatu zituenetik, gauzak gero eta okerrago joan zaizkie. XVIII. mendean, errusiarrek San Petersburgo hiria sortu zuten ingriarren lurraldean, eta hiri hori errusiar kulturaren eta errusieraren zabaltzailea izan da. Bigarren Mundu Gerraren ostean, Errusiak ezarritako errepresioak ingriarren erdiak hil zituen, eta bizirik iraun zutenak errusiartu egin zituzten (Vaba eta Viikberg, 2002).

Ingrieraz, inkeriläinen (‘ingriarrak’) eta inkerin suomalainen (‘Finlandiako ingriarrak’) deitzen diote beren buruari, eta suomen kieli hizkuntzari. Nazioartean, ingrian, izhor eta izhorian dira hizkuntza izendatzeko izenik hedatuenak.

Ez du inolako ofizialtasun-mailarik. Hiztunek ez dute idazteko erabiltzen.

Ingriera hizkuntza uraldarra da. Hizkuntza uraldarrak Europan eta Asian erabiltzen dira. Europan makina bat dira; hala nola, erzyera, estoniera, finlandiera, hungariera, ingriera, komiera, komi-permyakera, livera, livviera, ludiera, mariera, mokshera, samiera, udmurtera, vepera eta vodera.
Itxi