Munduko hizkuntzen amarauna
EUROPAKO HIZKUNTZAK

Hungariera
Familia: Uraldar hizkuntzak
Hizkuntzen datu-bilketa: Inkesta ikusi >>

Hungariera edo magyarera Hungariako hizkuntza ofiziala da. Hungariera-hiztunak hamar milioi dira Hungarian, eta beste hiru milioi, inguruko lurraldeetan; hala nola, 15.000 Austrian, 765.000 Eslovakian, 10.000 Eslovenian, 400.000 Serbian eta Kroazian, 2.000.000 Errumanian eta 200.000 Ukrainan, 1990eko datuen arabera (Price 2000).

Hungariera hizkuntza uraldarra da. Hizkuntza uraldarrak Europan eta Asian hitz egiten dira. Europan makina bat dira; hala nola, erzyera, estoniera, finlandiera, hungariera, ingriera, komieralivera, livviera, ludiera, mariera, mokshera, samiera, udmurtera, vepera eta vodera. Alabaina, hungariera ugriar adarrekoa da, eta adar horretako bakarra da Europan.

Hungariera, hizkuntza ofiziala izanik, arlo publikoko jarduera guztietan erabiltzen da; hala nola, hezkuntzan, merkataritzan, parlamentuan eta hedabideetan.

XIX. mendearen hasieran Vörösmarty izeneko olerkari hungariarrak lehen urratsak egin zituen hungariera estandarra taxutzeko. Ondoren etorri ziren ortografiari eta gramatikari buruzko lehen arauak, eta 1844an Parlamentuak estatus ofiziala eman zion hungarierari. XIX. mendearen bigarren aldian hizkuntzaren berpizkundea etorri zen. Aurreko mendeetan, Hungaria otomandarren (1526tik) eta Inperio Austriarraren (1686tik) mende egon zen, eta alemana izan zen azken horrek administrazioan ezarritako hizkuntza. Hungaria 1867an Inperio Austriarraren lurralde autonomo bihurtu zen, eta 1918an independentzia lortu zuen, Lehen Mundu Gerraren ostean. Halere, ondoko urteetan gerrateak izan zituen auzokoekin, eta bere lurralde-zati garrantzitsuak galdu zituen.

Nazioartean ingelesezko hungarian izena ematen zaio hungarierari, baina magyar izena ere bai. Azken hori da hungarieraz hungariera izendatzeko era.
Itxi