Munduko hizkuntzen amarauna
EUROPAKO HIZKUNTZAK

Greziera
Familia: Greziarrak ( Hizkuntza indoeuroparrak )

Greziera Greziako hizkuntza da. Greziera-hiztunak Grezian bertan 10 milioi dira. Horrez gain, Zipreko hizkuntza ofizialetako bat ere bada, eta Zipren 600.000 lagunek, gutxi gorabehera, hitz egiten dute. Badira grezieraz mintzatzen diren taldeak Albanian (80.000 lagun), bai eta Italian (20.000) ere. Guztira, munduan zehar 12 milioi lagun mintzatzen ei da grezieraz (Grimes 2005).

Greziera denez Greziako hizkuntza ofizial bakarra, arlo publikoko jarduera guztietan erabiltzen da; hala nola, hezkuntza-sistema osoan, administrazioan, hedabideetan, merkataritzan eta justizian. Antzeko zerbait esan daiteke Zipreko grezierari buruz.

Bestalde, Italiako grezieraz eskualde bitan hitz egiten da. Batetik, Reggio Calabria lurraldeko Bovesia-n eta Salento eskualdean. Greziarrak Kristo aurretik Mediterraneoan zehar zabaldu zirenean heldu ziren bertara, eta gaur egungo hiztunak haien ondorengoak dira. Italiako greziera oso egoera larrian dago, besteak beste, hiztun gehienak helduak eta zaharrak direlako, eta gazteek eta umeek grezieraz ez dakitelako, edo dakitenek erabiltzen ez dutelako. Halere, badira zenbait eskola greziera erakusten dutenak, bai eta grezieraz idatzitako aldizkari bi ere: I Riza eta Cumalca. Lehenengoa lau hilabetetik behin argitaratzen da, eta bigarrena lantzean behin.

Greziera hizkuntza, adituek diotenez, K.a. 2000. urtean sortu zen, Balkan penintsulan bizi ziren herritarren eta heldu berri ziren indoeuroparren harremanen eta elkarbizitzaren ondorioz.

Grezierak, antzinatean, izugarrizko prestigioa izan zuen, inperio askoren hizkuntza izan zen-eta. Garai haietan, alfabeto berezia zuen, Europan asmaturiko lehenetakoa, agian. Gaur egungo greziera ordukoaren ondorengoa da, eta haren alfabeto berezia gorde du: alfabeto grekoa, hain zuzen.

Itxi