Munduko hizkuntzen amarauna
EUROPAKO HIZKUNTZAK

Georgiera
Familia: Kartveliar hizkuntzak

Georgiera Georgia Errepublikako hizkuntza ofiziala da. Ez da bertan hitz egiten den bakarra, baina bai ofizial bakarra. Georgian, georgieraz gain, beste hainbat hizkuntza dago; hala nola, abkhazera, batsera, lazera, mingreliera, svanera, ossetiera, udiera eta urumera, baina horietako batek ere ez du une honetan ofizialtasun-mailarik.

Georgieraz hizkuntza kartuli ena da. Herritarrari kartveli deitzen zaio, eta herrialdeari sakartvelo. Erro horietatik dator georgieraren izen baliokidea: kartveliera. Alabaina, hizkuntzalaritzan, hizkuntza-familia kartveliarra adierazteko erabiltzen da kartveliera izena.

Georgiako hizkuntza ofizial bakarra izanik, bera da hezkuntza-sistema osoan, administrazioan, hedabideetan eta arlo guztietan erabiltzen dena. Edozelan ere, kontuan izan behar dugu Georgiak XX. mendearen amaieran berreskuratu duela independentzia, lehenago Errusiaren menpe baitzegoen. Aldi horretan, georgiera eta errusiera ofizialak ziren arren, errusiera izan zen nagusi.

Georgierak alfabeto propioa du V. mendetik, eta, aldaki gutxi batzuekin bada ere, alfabeto hori darabilte gaur egun. Historian zehar, literatura aberatsa sortu da georgieraz.

Georgiera hizkuntza kartveliarra da. Hizkuntza kartveliarrak Georgian edo haren inguruan erabiltzen dira. Guztira lau dira: georgiera, lazera, mingreliera eta svanera. Euskararekin antzekotasun tipologikoa dute; esaterako, SOA hurrenkerakoak eta ergatiboak dira. Inoiz euskara eta hizkuntza kartveliarrak antzinako senideak izan direla ere esan da, baina ez dago egiaztatuta.

Itxi