Munduko hizkuntzen amarauna
EUROPAKO HIZKUNTZAK

Galesera
Familia: Zelta hizkuntzak ( Hizkuntza indoeuroparrak )
Hizkuntzen datu-bilketa: Inkesta ikusi >>

Galeseraz Erresuma Batuko Gales herrialdean hitz egiten da (ikus 7. mapa). 1991ko erroldaren arabera, 510.000 lagunek hitz egiten dute galeseraz, Galesko biztanleriaren %19k, hain zuzen (Martí eta beste 2005).

Edozelan ere, badirudi azken mendean galeserak hiztunak galdu dituela, 1901ean 930.000 hiztun ei zituen-eta. Galeseraren erabilerari begiratzen badiogu, badirudi gaur egun 327.000 lagunek soilik erabiltzen dutela (ikus 5. irudia).

Edozelan ere, azken urteotan makina bat galestar eta galeseraren aldeko elkarte ari dira lanean hizkuntza horren alde. Esaterako, 1970etik eskolaurrea galeseraz egitearen aldeko mugimendu zabala sortu zen, eta ehunka ikastetxe sortu ziren. Alde horretatik, 1983. urtetik, Education Reform Act delakoaren arabera, eskola-ume guztiek galesera ikasi behar dute, eta 1993tik, Welsh Language Act delakoaren arabera, ingelesak eta galeserak antzeko estatusa dute Galesen, eta koofizialak direla esan daiteke, nahiz eta ez onartu herritarrei hizkuntza-eskubiderik (Martí eta beste 2005).

Hezkuntzari dagokionez, gero eta guraso gehiagok aukeratzen dute seme-alabek galeseraz ikastea, eta 1999. urtean 82.000 ziren halako irakaskuntza-mota zutenak (Grimes 2005). Guztira 525 ikastetxetan erakusten da galesera edo galeseraz.

Galesera telebistan (astean 30 ordu) eta irratian (astean 120 ordu) ere erabiltzen da. Badira aldizkariak hizkuntza honetan, eta makina bat zerbitzu berri jaiotzen ari dira, besteak beste, Internet bidez (Welsh Language Board 2005). Une honetan galeseraren aldeko mugimendua handia eta indartsua da.

Nolanahi ere, UNESCOren Europako arriskupeko hizkuntzen liburu gorria (Salminen, Tapani (2005, 1999)) txostenean esaten denaren arabera, galesera egoera larrian da. Wurmek (2001) ere iritzi bera du.

Galeseraz Cymru deitzen zaio herrialdeari, eta cymraeg hizkuntzari. Nazioartean hizkuntza izendatzeko erabiltzen den terminoa welsh da.

Galesera hizkuntza indoeuroparra da, hizkuntza zelten adarrekoa. Hizkuntza zeltak Europako mendebaldean hitz egiten dira. Gaur egun bizirik direnak hauexek dira: bretainiera, eskoziera (edo Eskoziako gaelikoa), galesera, irlandera (edo Irlandako gaelikoa) eta kornubiera.

Itxi