Munduko hizkuntzen amarauna
EUROPAKO HIZKUNTZAK

Gagauzera
Familia: Turkiar hizkuntzak ( Altaitarrak )

Gagauzeraz Moldaviaren hegoaldean hitz egiten da, eta baita mugako Errumaniako ekialdean eta Ukrainako hegoaldeko lurraldeetan ere. Horiez gain, Bulgarian ere 20.000 gagauztar bizi dira. Gagauztarrak zenbat diren jakitea zail samarra da, iturriek kopuru ezberdinak aipatzen dituzte-eta. Grimesen (2005) arabera, guztira 150.000 lagunek hitz egiten dute gagauzeraz, eta horietako 138.000 Moldovian bizi dira.

Moldavia barruan Gagauzia 1.800 kilometro koadroko eskualde autonomoa da 1994tik aurrera. Gagauziaren lurraldea zehazteko, 1995. urtean erreferenduma egin zuten Moldaviaren hegoaldean, gagauztarrak bizi diren herrietan, eta herriek erabaki zuten, banan-banan, eskualde autonomo horretan sartu ala ez. Hogeita hamaika herrik eta hirik Gagauzia osatzea erabaki zuten. Alabaina, Moldaviako gagauztarren zenbait herri Gagauziatik kanpo geratu dira.

Gagauzian gaur egun 172.000 lagun bizi dira, eta horietatik 137.500 inguru gagauztarrak dira (ikus 4. irudia).

Gagauztarrak XVIII. mendearen amaieratik bizi dira Gagauzian eta inguruetan. Bertara Bulgariatik heldu ziren, garai haietako turkiarren eta errusiarren arteko gerrateek bultzaturik.

Gagauzian hiru dira hizkuntza koofizialak: gagauzera, moldaviera eta errusiera. Gagauztar nagusiak elebakarrak dira, baina helduak eta gazteak elebidunak dira, gagauzeraz eta errusieraz dakite-eta –kontuan izan oraintsu arte Errusiako zatia izan dela Gagauzia, bai eta Moldavia osoa bera ere–. Gaur egun, Gagauzian, gagauzeraz egiten da hezkuntza. Gainera, badituzte aldizkariak gagauzeraz; hala nola, Ana Sözü (‘amaren hitza’) eta Gagauz Sesi (‘gagauztarren ahotsa’).

Gagauzera hizkuntza altaitarra da, turkiar adarrekoa. Europan hainbat dira hizkuntza turkiarrak; hala nola, azerbaijanera, balkarera, bashkirera, chuvashera, gagauzera, karachayera, karaimera, kazakhera, kumykera, nogaiera, tatarrera, turkiera eta urumera.

UNESCOk agindutako Europako arriskupeko hizkuntzen liburu gorria (Salminen, Tapani (2005, 1999)) izeneko txostenean, gagauzera ‘arriskupean’ dagoen hizkuntzetako bat dela esaten da. Txosten horren arabera, Bulgariako gagauzera (12.000 hiztun) galtzen ari da, umeek ez baitute erabiltzen. Wurmek (2001) egindako txostenean ere, Moldaviako gagauzera arriskuan dago, eta gaineko eskualdeetakoak arrisku larrian.

Itxi