Munduko hizkuntzen amarauna
EUROPAKO HIZKUNTZAK

Frisiera
Familia: Germaniar hizkuntzak ( Hizkuntza indoeuroparrak )
Hizkuntzen datu-bilketa: Inkesta ikusi >>

Frisieraz Herbehereetan eta Alemanian hitz egiten da. Herbehereetan ekialdeko zenbait uharteetan eta itsasertzean; Alemanian, bereziki ipar-mendebaldeko zenbait uharteetan eta itsasertzean, Danimarkarekiko mugaren ondoan (ikus 5. mapa). Badirudi mende batzuk aurrerago frisieraz Herbehereetatik Danimarkarainoko itsasertzean eta uharteetan hitz egiten zela, baina gaur egun hiru gunetan dago sakabanatuta.

Gaur egun, frisiera hiru dialektotan dago bereizita, eta dialekto horietan mintzatzen direnak elkarrekin ulertzea zail samarra ei da (Price 2000; Grimes 2005). Hauek dira dialekto horiek: mendebaldekoa, iparrekoa eta ekialdekoa.

Ekialdeko frisieraz Alemaniako ipar-mendebaldean hitz egiten da, Saterland lurraldean. Batzuetan, saterlandic izena erabiltzen da dialekto hori izendatzeko. Antza denez, Alemanian 11.000 inguru dira hiztunak. UNESCOk agindutako Europako arriskupeko hizkuntzen liburu gorria (Salminen, Tapani (2005, 1999)) izeneko txostenean aldaera hau oso egoera larrian dagoela esaten da. Dirudienez, ez dago aldaera honetan mintzatzen den umerik, eta hiztunik gazteenak 20 urtetik gora dauzka. Dialekto hau egunero erabiltzen dutenak 1.000 inguru dira, eta alemanak oso kutsatua du.

Iparreko frisiera, frasch deitua, Sylt (Söl, frisieraz), Föhr (Feer), Amrum (Omram) eta Hooge eta Heligoland (Deät Lun) uharteetan eta itsasertzeko Schleswig-Holstein itsasertzean erabiltzen da, Alemaniako iparraldean, Danimarkako mugan. Guztira 9.000 edo 10.000 dira hiztunak. UNESCOk agindutako Europako arriskupeko hizkuntzen liburu gorria (Salminen, Tapani (2005, 1999)) txostenean, aldaera hau ere oso egoera larrian dagoela esaten da, 2.000 baino ez baitira hizkuntza egunero erabiltzen dutenak. Gainera, oso ume gutxi ei da gai aldaera hau erabiltzeko. Lehenago Danimarkan ere hitz egiten zen, baina gaur egun ez dago lorratzik ere lurralde horretan.

Mendebaldeko frisiera, frysk deitua, Herbehereetako Friesland (Fryslän, frisieraz) eskualdean eta Terschelling (Skylge) eta Schiermonnikoog (Skiermûntseach) uharteetan erabiltzen da. Guztira 700.000 dira lurralde horietan bizi direnak, baina, antza denez, bizilagunen erdiek baino ez dakite hizkuntza horretan. UNESCOk agindutako Europako arriskupeko hizkuntzen liburu gorria (Salminen, Tapani (2005, 1999)) txostenean, aldaera hau arriskuan dagoela esaten da. Umeek ikasten dute, baina erosoago hitz egiten ei dute nederlanderaz.

Frisierak badu nolabaiteko ofizialtasuna Herbehereetan, baina oso mugatua. Hezkuntzan erabiltzen da, eta badu ortografia bateratua. Badira, halaber, irrati eta telebista-saioak frisieraz. Gainera, badirudi hiztunek eta lurraldean bizi direnek atxikimendua diotela hizkuntzari, eta jarrera positiboa dutela haren alde (Grimes 2005).

Frisiera hizkuntza indoeuroparra da, germaniar azpitaldekoa, alemana, alsaziera, daniera, faroeera, franciquera, ingelesa, islandiera, luxenburgera, mochenoa, nederlandera, norvegiera, scotsera, suediera, yiddisha, walsera eta zinbrierarekin batera. Hizkuntza germaniarren artean mendebaldeko azpitaldean sartzen da.
Itxi