Munduko hizkuntzen amarauna
EUROPAKO HIZKUNTZAK

Franciquera
Familia: Germaniar hizkuntzak ( Hizkuntza indoeuroparrak )
Hizkuntzen datu-bilketa: Inkesta ikusi >>

Franciquera Lorrenako germaniar jatorriko hizkuntzaren izena da (ikus 5. mapa), hiztunen artean francique deitua. Askotan alemanaren aldaeratzat hartu da, edo alsazieraren aldaeratzat (ikus alsaziera sarrera), baina hiztunek beren hizkuntzaren beregaintasuna aldarrikatzen dute.

Lorrenako hiztunen %50ek hitz egiten du franciqueraz. Guztira, 300.000 inguru dira hiztunak, baserri-inguruetakoak, batez ere.

Franciquerak ez du inolako ofizialtasunik, Frantziak frantsesa baino ez baitu hartu zeregin horretarako. Irakaskuntzan ere ez du izan lekurik orain arte, baina azken urteetan esperientzia interesgarriak egiten ari dira arlo horretan (Rispail 2003). Badirudi Luxenburgok 1983an luxenburgera hizkuntza ofizialtzat jotzeak eragin handia izan zuela lurralde horretan hizkuntza honekiko atxikimendua pizteko.

Azpimarratzekoa da Frantziako Estatuak eta haren erakundeek azken ehun urteetan hizkuntzaren aurka izan duten jarrera, franciquera eta Frantziako gainerako hizkuntza txikiak gutxietsi eta baztertu egin baititu (Rispail 2003).

Franciquera hizkuntza indoeuroparra da, germaniar azpitaldekoa, alemana, alsaziera, daniera, faroeera, frisiera, ingelesa, islandiera, luxenburgera, mochenoa, nederlandera, norvegiera, scotsera, suediera, yiddisha, walsera eta zinbrierarekin batera. Hizkuntza germaniarren artean mendebaldeko azpitaldean sartzen da, alemana, alsaziera, frisiera, ingelesa, luxenburgera, mochenoa, nederlandera, scotsera, yiddisha, walsera eta zinbrierarekin. Gainera, askoren arabera, alsaziera, franciquera, luxenburgera, mochenoa, walsera eta zinbriera alemanaren dialektoak dira.

Itxi