Munduko hizkuntzen amarauna
EUROPAKO HIZKUNTZAK

Euskara
Familia: Hizkuntza bakartuak
Hizkuntzen datu-bilketa: Inkesta ikusi >>

Euskara Pirinioetako mendebaldearen inguruan hitz egiten da, Frantzia eta Espainiako Estatuetan; baita Europatik kanpo ere, diasporan, batez ere Ipar Amerikan.

Europan euskararen lurraldea hiru administrazio-lurraldetan banatuta dago eta  hizkuntzaren egoera ezberdina da bakoitzean, ez bakarrik euskararen ezagutzan eta erabileran, baita hizkuntzaren estatusean ere. EAEn, euskara gaztelaniarekin batera lurralde eta eskualde guztietan da ofiziala. Nafarroan, berriz, hiru hizkuntza-eremutan banatu da: eremu euskalduna, eremu mistoa eta eremu ez euskalduna. Frantzian euskarak ez du inolako ofizialtasun mailarik. Eremu bakoitzean, beraz, biztanleen hizkuntza-eskubideak ezberdinak dira. (Amarauna 2005, 2003)

Euskararen egoera oso kaskarra zela eta berarekin euskal identitatea galtzen ari zelako usteak 1950eko hamarkadan herri-erreakzioa sortarazi zuen: batetik, ikastolak sortu ziren eta euskara irakaskuntza arautuan sartu zen berriro; bestetik, hainbat eta hainbat heldu euskara ikasten hasi ziren alfabetatze eta euskalduntze programetan.

Autonomia Estatutuaren (1979) eta Nafarroako Autonomia Estatutuaren (1980-81) ondorioz, hizkuntza plangintza Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Foru Gobernuaren eskuetara pasatu zen neurri handi baten, euskarak estatus ofiziala hartu zuen arestian aipaturiko eremuetan eta hainbat arlotan erabilera sustatzen hasi zen.

Euskarak gaur egun ia ez dauka hiztun elebakarrik; Euskal Herriko 16 urte baino goragoko biztanleria kontuan hartuta, elebidunak %25,38 dira, 634.00 lagun inguru, 2001eko datuen arabera (Euskararen Jarraipena III). Baina lurraldeka aztertuz gero, alde handia dago: EAEn ia-ia hiru hiritarretik bat elebiduna da; Iparraldean, lautik bat; Nafarroan, berriz, hamarretik bat baino ez.

Ofiziala den lekuetan arlo gehienetan erabiltzen da gaur euskara; besteak beste, hezkuntzan, administrazioan edo komunikabideetan. Beste egoera batzuetan, berriz, osasun arloan, justizia edo enpresa arloan oso erabilera urria dauka, baita ofiziala den lurraldean ere.

Euskaldunok gure hizkuntzari euskara, euskera, eskuara edo üskara esaten diogu; nazioartean ondoko heteroglotonimoak zabal dabiltza: Basque, vasco.
Euskara ahaiderik ez duen hizkuntza bakartua da. Horregatik ez da ageri gure familia-mapetan.

Itxi