Munduko hizkuntzen amarauna
EUROPAKO HIZKUNTZAK

Eskoziako gaelikoa
Familia: Zelta hizkuntzak ( Hizkuntza indoeuroparrak )
Hizkuntzen datu-bilketa: Inkesta ikusi >>
Eskoziako gaelikoz Erresuma Batuan, Eskoziaren iparraldean, hitz egiten da, Hebridak izeneko uharteak barne. Eskozian, guztira, 60.000 inguru dira gaelikoz hitz egiten dutenak (Grimes 2005), biztanleriaren %1, hain zuzen. Edozelan ere, Eskoziako iparraldean eta Hebrida eta Skye izeneko uharteetako eskualde batzuetan biztanleria gehienak gaelikoz hitz egiten du.

Eskoziako gaelikoak hiztun-galera handia izan du azken mendean, eta erabilera-mailan higatze handia izan du (Grut 2004).

Eskoziako Parlamentua 1990ean berrezarri zenetik, gaelikoaren egoera hobetu egin da. Gaur egun, Lehen Hezkuntzako hizkuntza da, hitz egiten den eskualdeetan, eta gero eta erabilera handiagoa du irratian, telebistan eta idatzizko hedabideetan. Sarean ere badira hainbat orri gaelikoari buruzko informazioa emateko (Savegaelic 2005), bai eta gaelikoa bera ikasteko ere. Gaelikoz Alba deitzen zaio Eskoziari. Nazioartean gaelikoa izendatzeko erabiltzen den terminoa scottish gaelic da.

Eskoziako gaelikoa eta Irlandakoa oso antzekoak dira; izan ere, irlandarrek Eskozia populatu zuten V. mendean.

UNESCOren Europako arriskupeko hizkuntzen liburu gorria (Salminen, Tapani (2005, 1999)) izeneko txostenean esaten denaren arabera, Eskoziako gaelikoa egoera larrian da. Wurmek (2001) ere iritzi bera du. Eskoziera hizkuntza indoeuroparra da, hizkuntza zelten adarrekoa. Hizkuntzak zeltak Europako mendebaldean hitz egiten dira. Gaur egun bizirik direnak hauexek dira: bretainiera, eskoziera (edo Eskoziako gaelikoa), galesera, irlandera (edo Irlandako gaelikoa) eta kornubiera.

 

 

 
Itxi