Munduko hizkuntzen amarauna
EUROPAKO HIZKUNTZAK

Errusiera
Familia: Eslaviar hizkuntzak ( Hizkuntza indoeuroparrak )
Hizkuntzen datu-bilketa: Inkesta ikusi >>
Errusieraz, gaur egun, Errusiar Federakundean hitz egiten da, batez ere. Halere, hedapen handiena Sobietar Batasunaren garaian izan zuen, garai haietan gaur Errusiar Federakundekoak ez diren beste estatu batzuetako hizkuntza ofiziala izan zelako. 1989an –Sobietar Batasunaren garaian– egindako erroldaren arabera, Sobietar Batasunean bizi ziren 285 milioi lagunetatik 163 milioik zuen errusiera lehen hizkuntzatzat, eta beste 69 milioik bigarren hizkuntzatzat.

Gero, 1991n Sobietar Batasuna desegin eta Errusiar Federakundea sortu zen, eta gaur egun errusiera ofizialtzat duen Estatu horretan 120 milioik daukate errusiera lehen hizkuntzatzat, eta beste 27k bigarren hizkuntzatzat. Errusiar Federakundetik kanpo, badira hiztun-kopuru handiak hainbat estatutan; hala nola, 750.000 Israelen, 1.400.000 Kyrgyzstanen eta 330.000 Ameriketako Estatu Batuetan.

Horren guztiaren ondorioz, esaterako, errusiera Kyrgyzstaneko hizkuntza ofizialetako bat ere bada. Errusiar Federakundeko hizkuntza ofiziala izanik, arlo publiko guztietan erabiltzen da, baina Federakundeko errepublika eta eskualde autonomo batzuetan ofizialtasuna beste hizkuntza batzuekin batera dauka.

Orain dela mende batzuk, errusieraz eskualde askoz ere txikiagoan mintzatzen zen. Gero, Errusiako Inperioaren hizkuntza bihurtu zen, eta apurka-apurka hedatzen joan zen, inperioa hasiz zihoan heinean.

Errusierak alfabeto zirilikoa erabiltzen du eta eragina izan du beste hizkuntza askoren idazkeran ere.

Errusiera hizkuntza indoeuroparra da, eslaviar adarrekoa, hain zuzen. Hizkuntza eslaviarrak Europan hitz egiten dira, batez ere. Hauek dira horietako batzuk: bielorrusiera, bosniera, bulgariera, errusiera, eslovakiera, kashubiera, kroaziera, mazedoniera, poloniera, pomakera, rutheniera, serbiera, sorbiera, txekiera eta ukrainera.

Itxi