Munduko hizkuntzen amarauna
EUROPAKO HIZKUNTZAK

Erromantxera
Familia: Latindar hizkuntzak ( Hizkuntza indoeuroparrak )
Hizkuntzen datu-bilketa: Inkesta ikusi >>
Erromantxera Suitzako hego-ekialdean, Austriatik hur, Grischun eskualdean (alemanez Graubünden, frantsesez Grisons, italieraz Grigioni) hitz egiten den jatorri latindarreko hizkuntza da (ikus 6. mapa). Guztira 50.000 inguru dira hiztunak (Price 2000), nahiz eta 1990eko erroldak 40.000ko kopurua ematen duen (Grimes 2005). Suitzan lau hizkuntza dira koofizialak: alemana, frantsesa, italiera eta erromantxera, 1938an egindako erreferendumean onartua. Halere, oraintsu arte, Estatuak erabilitako hizkuntzak lehen hirurak izan dira. Alabaina, erromantxeraren egoera ofiziala 1996an berretsi zen erreferendumean, eta hizkuntza hau herritarren eta Estatuen arteko harremanetan erabiltzea ahalbidetu zen. Suitzan hizkuntza bakoitza bere eremuan da ofiziala, eta erromantxerari dagokionez, eskolan ere erabiltzen da. Hizkuntza horiez gain, kontuan izan behar dugu Suitzan frantses-eremutzat jotzen den lurraldean franko-provenzeraz (ikus sarrera) ere hitz egiten dela, onarpen ofizialik ez duen arren.

1991ko erroldaren arabera, suitzarren %63,6k alemana du lehen hizkuntzatzat, %19,2k frantsesa, %7,6k italiera eta %0,6k erromantxera. Gainerakoek, etorkinak izaki, beste hizkuntzaren bat dute lehen hizkuntzatzat (Price 2000).

Eskolan erromantxeraren forma idatzia erakusten da, grischuna izenekoa, eta dialektoak ere erabiltzen dira. Edozelan ere, alemana gero eta toki handiagoa hartzen ari da hezkuntza-sisteman.

UNESCOren Europako arriskupeko hizkuntzen liburu gorria (Salminen, Tapani (2005, 1999)) izeneko txostenean esaten denaren arabera, arriskuan dago erromantxera: batetik, erromantxera ikasten duten umeek alemana ere ikasten dutelako, eta errazago darabiltelako hizkuntza hori; bestetik, erromantxeraz dakitenak 65.000 izan arren, erdiek baino ez dutelako erabiltzen eguneroko bizitzan.

Nazioartean, izenak hauek erabiltzen dira erromantxera izendatzeko: romansch, romanche, rheto-romance eta rhaeto-romance. Autoglotonimoa, ostera, frischuna da.

Erromantxera hizkuntza indoeuroparra da, latindar adarrekoa, aragoiera, arumanera, asturiera, galiziera, gaztelania, frantsesa, friulera, italiera, portugesa eta sardiera bezala.

Itxi