Munduko hizkuntzen amarauna
EUROPAKO HIZKUNTZAK

Dalmaziera
Familia: Latindar hizkuntzak ( Hizkuntza indoeuroparrak )

Dalmazieraz zekien azken laguna 1898an hil zen. Dalmaziera, beraz, hizkuntza hila da, orain dela ehun urte baino gehiago desagertua. Antza denez, azken hiztun hark ez ei zekien oso ondo hizkuntza horretan (del Moral 2002), haren gurasoek beren artean erabiltzen zuten arren. Nonbait, gurasoek, beste heldu askok bezala, seme-alabei dalmaziera ez erakustea erabaki zuten, horren ordez lurraldean zabaltzen ari zen hizkuntza eslaviarra (kroaziera, gaur egun) erakutsi zioten-eta.

Dalmaziera Dalmazia izeneko lurraldeko hizkuntza izan zen, eta Krk, Cres eta Rab uharteetakoa ere bai (Price 2001). Dalmazia, gaur egun, Kroazian dago, Itsaso Adriatikoaren itsasertzean, eta bertako hiri garrantzitsuenetako bat Dubrovnik da (lehen, Ragusa). Dalmaziera XVI. mendean erabiltzen zen agiri ofizialetan ere, Ragusan. Gero, hizkuntza eslaviarra hasi zen horren lurraldea hartzen.

Dalmaziera hizkuntza indoeuroparra izan zen, latindar adarrekoa; besteak beste, aragoiera, arumanera, asturiera, galiziera, gaztelania, frantsesa, friulera, italiera, portugesa eta sardiera bezala. Dirudienez, dalmaziera italieraren eta errumanieraren arteko hizkuntza izen zen, eta, agian, Veneziako italiera aldaerarekin antz handia izango zuen.

Itxi