Munduko hizkuntzen amarauna
EUROPAKO HIZKUNTZAK

Chuvashera
Familia: Turkiar hizkuntzak ( Altaitarrak )
Chuvashera hizkuntzan Errusiar Federakundeko Chuvashia edo Chuvash Errepublikan mintzatzen dira, Volga ibaiaren inguruan, eta Tatar Errepublikan (ikus 11. mapa). Chuvashtarrak 1.800.000 dira Chuvashian, eta gehienek badakite chuvasheraz. Hizkuntza hau izen hauen bidez ezagutzen da nazioartean: chuvash, chuwash, chovash, chavash eta bulgar.

Chuvashera Chuvashia Errepublikako hizkuntza koofiziala da, errusierarekin batera, eta badira hizkuntza hori darabilten aldizkariak, irratiak, web orriak eta abar.

Wurmen (2001) atlasean eta UNESCOk agindutako Europako arriskupeko hizkuntzen liburu gorria (Salminen, Tapani (2005, 1999)) izeneko txostenean, chuvashera ‘arriskupean’ dagoela esaten da, ume gutxik erabiltzen omen dutelako.

Chuvashera hizkuntza altaitarra da, turkiar adarrekoa. Europan hainbat dira hizkuntza turkiarrak; hala nola, azerbaijanera, balkarera, bashkirera, chuvashera, gagauzera, karachayera, karaimera, kazakhera, kumykera, nogaiera, tatarrera, turkiera eta urumera.

Itxi