Munduko hizkuntzen amarauna
EUROPAKO HIZKUNTZAK

Txetxeniera
Familia: Ipar-ekialdekoa (nakh edo veinakh azpitaldekoa) ( Kaukasoar hizkuntzak )

Txetxeniera Txetxeniako hizkuntza da. Txetxenia, gaur egun, Errusiar Federakundeko Ipar Kaukasoko Errepublika da (ikus 12. mapa). Alabaina, txetxeniarrek independentzia aldarrikatu zuten 1991n, eta ordutik hona gerra-egoeran bizi direla esan daiteke. Txetxeniarrek aurre egin zieten errusiarrei XIX. mendean, haiek beren inperioa Kaukasora ere zabaldu nahi izan zutenean. Kaukasoko gerra deitzen dena 1817an hasi zen, eta 1864an amaitu, Errusiako Tsarrek Ipar Kaukaso menderatzea lortu zutenean (Price, 2000). Ordutik, txetxeniarrek sarri bizi izan dute egoera latza errusiarrekin; hala nola, Stalinen garaian, 1944tik 1956ra bitartean, Txetxeniatik Kazakhztanera eta Siberiara egotzi zituztenean. Garai hartan, biztanleriaren %25etik %50era bitartean kanporatu zuten bere herritik; 400.000, Priceren (2000) arabera. Gerora, apurka-apurka itzuli egin ziren

Txetxenieraz nokhchi (‘txetxeniarrak’) edo nakhchuo (‘txetxeniarra’) deitzen diote beren buruari. Izen horretatik dator beren hizkuntzan txetxeniera izendatzeko autoglotonimoa: nokhchiin eta nokhchiin muot (Grimes, 2005) edo nwokhchin nwott (del Moral 2002). Nazioartean, chechen terminoa erabiltzen da.

Gerra aurretik –1989an– egindako erroldaren arabera, 756.000 biztanle bizi ziren Txetxenian, baina gaur egun ez dakigu zenbat diren, asko izan baitira hildakoak edo alde egin dutenak. Kopuru horretatik %98,6k txetxeniera zeukan hizkuntzatzat (Morózova eta Yéschenk, 1999). Txetxenieraz aspaldi idazten da, eta tokia izan du hezkuntzan eta administrazioan. 1938an alfabeto zirilikoa onartu arren, independentzia aldarrikatzean alfabeto latindarra hautatu zuten.

Txetxeniera hizkuntza kaukasiarra da, ipar-ekialdekoa, veinakh edo nakh azpitaldekoa, batsera eta ingusherarekin batera. Hizkuntzalari gehienen ustez hiru hizkuntza horiek beregainak diren arren, batzuek –del Moralek (2002), esaterako– diote hizkuntza bakarraren aldaera direla.

Itxi