Munduko hizkuntzen amarauna
EUROPAKO HIZKUNTZAK

Bulgariera
Familia: Eslaviar hizkuntzak ( Hizkuntza indoeuroparrak )

Bulgariera Bulgariako hizkuntza ofiziala da. Beraz, arlo guztietan erabiltzen da; hala nola, hezkuntzan, administrazioan, merkataritzan eta hedabideetan. Bulgarian, guztira zortzi milioi lagunek hitz egiten dute bulgarieraz, eta beste milioi batek munduan zehar (Grimes 2005).

 Inguruko zenbait lurraldetan ere badira bulgariera-hiztunak. Kopuru garrantzitsuak dira Moldaviako Bessarabian (400.000 inguru), Turkian (300.000 inguru), Errumanian, Hungarian, Serbian eta Grezian (30.000 inguru) daudenak. Halere, aditu askoren ustez, Greziako aldaera, pomakera deitua, hizkuntza beregaina da.

Bulgarieraz bulgarski deitzen zaio hizkuntzari. Nazioartean hedaturik dagoen izena ingelesezko bulgarian da. Izen horiek VII. mendean Balkan ingurura heldu zen bulgar izeneko tribuan dute erroa.

Bulgarierak literatura-arloan IX. eta XI. mendeetan urrezko garaia izan zuen arren, gaur egun erabiltzen den bulgariera estandarra 1899. urtean gauzatu zen, eta orduan onartu zuen Bulgariako Hezkuntza Ministerioak. Idazteko, alfabeto zirilikoa erabiltzen da.

Bulgariera hizkuntza indoeuroparra da, eslaviar adarrekoa, hain zuzen. Hizkuntza eslaviarrak Europan hitz egiten dira, batez ere. Horietako batzuk hauek dira: bielorrusiera, bosniera, bulgariera, errusiera, eslovakiera, kashubiera, kroaziera, mazedoniera, poloniera, pomakera, rutheniera, serbiera, sorbiera, txekiera eta ukrainera.

Itxi