Munduko hizkuntzen amarauna
EUROPAKO HIZKUNTZAK

Bretainiera
Familia: Zelta hizkuntzak ( Hizkuntza indoeuroparrak )
Hizkuntzen datu-bilketa: Inkesta ikusi >>

Bretainiera Frantziako Bretainian hitz egiten den hizkuntza da (ikus mapa). Gaur egun 250.000 lagunek, gutxi gorabehera, hitz egiten dute bretainieraz (Broudic 1999), baina XX. mendearen hasieran hiztunak 1.400.000 ziren. Ez du inolako ofizialtasun-mailarik, nahiz eta hezkuntzan zertxobait irakasten den, batez ere ‘diwan’ izeneko ikastola modukoetan.

Bretainiera hizkuntzari euskaraz bretoiera ere esaten zaio. Gaztelaniazko izena bretón da, eta ingelesezkoa Breton. Bretainieraz, berriz, hizkuntzari brezhoneg deitzen zaio.

Bretainieraren egoera oso larria da (Wurm 2001). Gero eta gutxiago dira bretainieraz dakiten bretainiarrak, eta egoera errotik aldatzen ez bada, desagertzearen atarian dagoela esan daiteke. Bretainieraren hiztunen adinari begiratzen badiogu, nabaria da gazteen artean oso gutxik dakitela hizkuntza horretan (ikus 1. irudia). Hain zuzen ere, 15-20 urte bitarteko gazteen artean %0,6k baino ez daki.

UNESCOk agindutako Europako arriskupeko hizkuntzen liburu gorria (Salminen, Tapani (2005, 1999)) izeneko txostenean, bretainiera ‘arrisku larrian’ dago.

Bretainiera hizkuntza indoeuroparra da, hizkuntza zelten adarrekoa. Hizkuntza zeltak Europako mendebaldean hitz egiten dira. Gaur egun bizirik direnak hauexek dira: bretainiera, eskoziera (edo Eskoziako gaelikoa), galesera, irlandera (edo Irlandako gaelikoa) eta kornubiera.

 

Itxi