Munduko hizkuntzen amarauna
EUROPAKO HIZKUNTZAK

Bielorrusiera
Familia: Eslaviar hizkuntzak ( Hizkuntza indoeuroparrak )
Bielorrusiera Bielorrusiako hizkuntza da. Nazioartean belarusian, belorussian, byelorussian, white russian eta white ruthenian deritzo. Bielorrusia Errusiaren mendean egon da orain dela urte gutxi arte, eta horrek lurraldean errusiera hedatzea ekarri du. Kontuan izanik bielorrusiera eta errusiera antzeko hizkuntzak direla, askotan bielorrusiera-hiztunek beren hizkuntza errusieraren aldaera negatibotzat jo dute; gaitzetsi egin dute, eta errusiera onetsi.

Gaur egun, bielorrusiera Bielorrusiako hizkuntza ofiziala da, eta hezkuntzan eta administrazioan erabiltzen den arren, oraindik ere errusierak toki handia dauka arlo horietan. Bielorrusiera-hiztunak zortzi milioi inguru dira Bielorrusian.

Wurmen (2001) atlasean eta UNESCOk agindutako Europako arriskupeko hizkuntzen liburu gorria (Salminen, Tapani (2005, 1999)) txostenean, hizkuntza hau ‘balizko arriskupean’ dagoela esaten da.

Bielorrusiera hizkuntza indoeuroparra da, eslaviar adarrekoa, hain zuzen. Hizkuntza eslaviarrak Europan erabiltzen dira, batez ere. Hauek dira horietako batzuk: bielorrusiera, bosniera, bulgariera, errusiera, eslovakiera, kashubiera, kroaziera, mazedoniera, poloniera, pomakera, rutheniera, serbiera, sorbiera, txekiera eta ukrainera.

Itxi