Munduko hizkuntzen amarauna
EUROPAKO HIZKUNTZAK

Bashkirera
Familia: Turkiar hizkuntzak ( Altaitarrak )
Bashkirera-hiztunak Errusiar Federakundeko Bashkortostan edo Bashkir Errepublikan bizi dira, Onenburg, Chelyabinsk, Kurgan eta Sverdlovsh eskualdeetan, Volga ibaiaren eta Ural mendien artean, alegia (ikus 11. mapa). Bashkirrak milioi eta erdi diren arren, bashkireraz %67k baino ez daki, eta bashkirera-hiztunak, beraz, milioi bat inguru dira. Bashkireraz bashkort hitza erabiltzen dute herritarrei deitzeko. Nazioartean, hizkuntza izendatzeko bashkir, basquort eta bashkort terminoak erabiltzen dira (Grimes 2005).

Bashkireraz idazten 1920an hasi ziren, eta harrezkero zenbait literatur egilek erabili dute hizkuntza hau. Hasieran alfabeto latindarra erabiltzen zuten, baina 1939tik aurrera alfabeto zirilikoa darabilte (Price 2000).

UNESCOk agindutako Europako arriskupeko hizkuntzen liburu gorria (Salminen, Tapani (2005, 1999)) izeneko txostenean, bashkirera ‘arriskupean’ dagoela esaten da, haurrek eta gazteek erraztasun eta ohitura handiagoa baitute tatarreraz eta errusieraz mintzatzeko. Gauza bera dio Wurmek (2001).

Bashkirera hizkuntza altaitarra da, turkiar adarrekoa. Europan hainbat dira hizkuntza turkiarrak; hala nola, azerbaijanera, balkarera, bashkirera, chuvashera, gagauzera, karachayera, karaimera, kazakhera, kumykera, nogaiera, tatarrera, turkiera eta urumera.

Itxi