Munduko hizkuntzen amarauna
EUROPAKO HIZKUNTZAK

Balkarera
Familia: Turkiar hizkuntzak ( Altaitarrak )
Balkareraz Errusiar Federakundeko Kabardino-Balkaria Errepublikan hitz egiten da (ikus 11. mapa), hego-mendebaldean, hain zuzen ere. Guztira, errepublika horretan, 85.000 inguru dira balkarera-hiztunak (Grimes 2000), eta koofizialtasuna du hizkuntzak, errusierarekin eta kabardierarekin batera. Edozelan ere, hezkuntzan eta administrazioan gehien erabiltzen den hizkuntza errusiera da, eta balkarerak oso erabilera mugatua du arlo horietan. Hizkuntzalari askoren ustez, balkarera eta karachayera hizkuntza bera dira; esaterako, Ethologueren bilduman (Grimes 2000) sarrera bakarra dute bi aldaera edo hizkuntza horiek. Edozelan ere, Kabardino-Balkariako balkarerak eta Karachay-Cherkesiako karachayerak forma estandar bana, eta ezberdina, daukate. Balkareraz karachai-malkar til deitzen zaio hizkuntzari (Morózova eta Yéschenko 1999). Nazioartean, ostera, karachay-balkar eta karachai-balkar izenak dira hedatuenak. Idazkera alfabeto zirilikoan oinarrituta dago.

Balkarera hizkuntza altaitarra da, turkiar adarrekoa. Europan hainbat dira hizkuntza turkiarrak; hala nola, azerbaijanera, balkarera, bashkirera, chuvashera, gagauzera, karachayera, karaimera, kazakhera, kumykera, nogaiera, tatarrera, turkiera eta urumera.

Itxi