Munduko hizkuntzen amarauna
EUROPAKO HIZKUNTZAK

Bagulalera edo Bagvalalera
Familia: Ipar-ekialdekoa (dagestandarra) ( Kaukasoar hizkuntzak )
Bagulaleraz edo bagvalaleraz bagvalazul mitsitshi deritzo, eta bagval herritarrei (Kolga eta beste 2001). Nazioartean hizkuntza honi bagulal, bagval, bagvalal eta bagvalin deitzen zaio, inoiz kvanada ere esan bazaio ere, Kvanada bagulalera-hiztunak bizi diren herri handienaren izena baita. Bagvaldarrak Errusiar Federakundeko Ipar Kaukasoko Dagestan Errepublikako hego-mendebaldean bizi dira (ikus 12. mapa), guztira sei herritan: Tsumanda eskualdeko lautan eta Akhvakh eskualdeko beste bitan, hain zuzen.

Bagulalera ez da idazten, eta ez da ez hezkuntzan ez administrazioan erabiltzen, arlo horietan avarera eta errusiera erabiltzen dira-eta.

Bagulalera-hiztunak bost edo sei mila dira, eta, eguneroko zereginetan beren hizkuntza darabilten arren, asko eta asko dira errusieraz, avareraz eta arabieraz (arrazoi erlijiosoengatik) ere badakitenak.

Bagulalera hizkuntza kaukasiarra da, ipar-ekialdeko edo dagestandar azpitaldeko avaro-ando-tsezic azpitaldekoa, akhvakhera, andiera, avarera, bezhtera, botlikhera, chamalalera, didoera, godoberiera, hinukhera, hunzibera, karatera, khvarshiera eta tindierarekin batera.

Itxi