Munduko hizkuntzen amarauna
EUROPAKO HIZKUNTZAK

Azerbaijanera
Familia: Turkiar hizkuntzak ( Altaitarrak )
Hizkuntzen datu-bilketa: Inkesta ikusi >>
Azerbaijanera Azerbaijaneko hizkuntza ofiziala da (ikus 11. mapa). Ez da estatu horretako hizkuntza bakarra, ezta hurrik ere, baina hizkuntza ofizial bakarra horixe da. Azerbaijanen, azerbaijaneraz gain, avareraz, budukheraz, khinalugheraz, krytseraz, lezgieraz, talysheraz, tateraz, tsakhureraz eta udieraz ere mintzatzen dira. Azerbaijanen sei milioi lagun inguruk hitz egiten dute azerbaijaneraz, baina Turkian, Armenian eta Georgian (batez ere, Abkhazia herrialdean) ere badira hiztun ugari: agian, beste milioi bat (Grimes 2000). Horiez gain, Iranen badira beste hamar milioi hiztun (del Moral 2002), bertan inolako onarpenik ez duten arren.

Gaur egungo datu ofizialen arabera, bertako biztanleriaren %82k daki azerbaijaneraz Azerbaijanen. Halere, errusiera ere erabiltzen da, %38k hitz egiten baitu. Kontua da azken mende bietan, oraintsu arte, Errusiaren barruan izan dela Azerbaijan.

Azerbaijaneraren inguruan oso eztabaidatua izan da, eta oraindik ere bada, idazkeraren kontua. Badirudi XIX. mendera arte arabiar alfabetoa erabili zela. Baina gero, Sobietar Batasuna sortu zenean, 1924an, alfabeto latindarra erabiltzea erabaki zen, eta Stalinen garaian, 1930ean, alfabeto zirilikoa hautatu zuten. Azerbaijanek independentzia lortu zuenean, alfabetoaren eztabaida berpiztu zen, eta 1991n, berriro alfabeto latindarra hartzea erabaki zuten. Azerbaijan estatu beregaina denetik, azerbaijanera hizkuntza ofiziala denez, hezkuntza osoan eta administrazioko zeregin guztietan erabiltzen da. Nazioartean azerbaijani, azerbaydzhan eta azeri deritzo hizkuntza honi.

Azerbaijanera hizkuntza altaitarra da, turkiar adarrekoa. Europan hainbat dira hizkuntza turkiarrak; hala nola, azerbaijanera, balkarera, bashkirera, chuvashera, gagauzera, karachayera, karaimera, kazakhera, kumykera, nogaiera, tatarrera, turkiera eta urumera.

Itxi