Munduko hizkuntzen amarauna
EUROPAKO HIZKUNTZAK

Asturiera
Familia: Latindar hizkuntzak ( Hizkuntza indoeuroparrak )
Hizkuntzen datu-bilketa: Inkesta ikusi >>

Asturieraz Espainiako Asturias herrialdean hitz egiten da. Hizkuntzaren autoglotonimoa –hizkuntza horretan bertan hizkuntza izendatzeko era, alegia– asturianu da. Halere, baditu beste zenbait izen nazioartean: bable, leonés (antzinako Leon erresumako hizkuntza zelako) eta astur-leonés.

Asturieraz lehenago Asturias eta Leon osoan hitz egiten zen leoneraren aldaera da. Leoneraz Zamorako eta Salamancako mendebaldean ere mintzatzen ziren, gutxi gorabehera Leon erresuman. Badirudi gaur egun Portugaleko Mirandan mintzatzen den mirandera jatorriz hizkuntza honen aldaera dela edo izan dela. Gaur egun, edozelan ere, leoneraz Asturiasen eta Leoneko eta Zamorako iparraldean hitz egiten da, eta horregatik asturiera izendatzen da (Espaciu y tiempu de la llingua Asturiane 2005) (ikus 6. mapa).

Asturierak ez du inolako ofizialtasunik, bertako autonomia-estatutuak halakorik ez baitu biltzen. Ez da hezkuntzan erabiltzen, ez curriculumaren barruan, behintzat.
Guztira 300.000 inguru hiztun ei ditu. Bada Academia de la Llingua Asturiana deitzen den erakunde bat, eta horrek asturieraren batasuna edo forma estandarra erabaki zuen 1982. urtean. Gainera, Les Noticies izeneko astekaria eta beste zenbait aldizkari ere argitaratzen dira hizkuntza horretan. Irratigintzan ere badira asturiera darabiltenak; hala nola, Radio Sele eta Radio Kras.

Wurmen (2001) eta UNESCOk agindutako Europako arriskupeko hizkuntzen liburu gorria (Salminen, Tapani (2005, 1999)) izeneko txostenaren arabera, asturiera ‘arriskuan’ dago.

Asturiera hizkuntza indoeuroparra da, latindar adarrekoa, aragoiera, arumanera, galiziera, gaztelania, frantsesa, friulera, italiera, portugesa eta sardiera bezala.

Itxi