Munduko hizkuntzen amarauna
EUROPAKO HIZKUNTZAK

Armeniera
Familia: Armeniarrak ( Hizkuntza indoeuroparrak )
Armeniera Armeniako hizkuntza hedatuenetakoa da (ikus 9. mapa). Bertako hizkuntza ofiziala da, eta hezkuntzan eta administrazioan erabiltzen den bakarra. Armeniera-hiztunak hiru milioi eta berrehun mila dira Armenian bertan eta munduan zehar –batez ere, Ameriketako Estatu Batuetan– bizi diren armeniarrak zenbatuz gero, sei milioi inguru ei dira (Grimes 2005). Armeniarrei atzerrira joateko joera antzinatik badatorkie ere, 1894. urtetik aurrera txit handitu zen, orduan hasi baitzen turkiarrek eginiko genozidioa –urte gutxian milioi bat inguru armeniar hil zituzten; bereziki, 1915etik 1921era bitartean–.

Armeniera antzinatik idazten da. Horretarako lehen alfabeto berezia 406. urtean asmatu zuten (Price 2000). Garai hartan Biblia eta beste erlijio-liburu batzuk itzuli zituzten armenierara. Hizkuntza indoeuroparra izanik ere, bere adarreko bakarra da.

Armeniera izendatzeko nazioarteko hitzik erabiliena armenian da, baina badira beste zenbait ere; hala nola, haieren, somkhuri, ena, ermice, ermeni dili eta armjanski yazyk. Armeniera-hiztunek hayeren deitzen diote hizkuntzari, Hayasdan bere lurraldeari, eta hay herritarrei (del Moral 2002).

Itxi