Munduko hizkuntzen amarauna
EUROPAKO HIZKUNTZAK

Arumanera
Familia: Latindar hizkuntzak ( Hizkuntza indoeuroparrak )
Arumaneraz Grezian, Bulgarian, Albanian, Mazedonian eta Errumanian hitz egiten da. Balkanetako herrialdeetan bertakotzat jo daitezke arumanera-hiztunak; Errumaniara, ostera, 1926tik 1938ra bitartean 30.000 inguru heldu ziren inguruko lurraldeetatik (Saramandu 2003). Guztira 300.000-600.000 hiztun ei ditu (Price 2000). Askoren ustez, arumanera errumanieraren aldaera da. Halere, gero eta gehiago dira arumanera hizkuntzaren alde lanean ari diren hiztunak eta elkarteak, hizkuntza horren beregaintasuna aldarrikatuz.

Mazedonian arumanera hizkuntza gutxiengo baten hizkuntza gisa onartu da, eta Europako Kontseiluaren gomendioak abian jartzen ari dira; besteak beste, eskola-saioak hasi dira. Errumanian eta Albanian apurka-apurka sartzen ari da hezkuntzan (Grimes 2000), eta badira aldizkariak eta irrati-saioak hizkuntza horretan. Alabaina, Grezian eta Bulgarian ez du inolako onarpenik eta gazteek ez dute erabiltzen.

Bararen ustez (2004), hizkuntza hori hiltzeko zorian dago. UNESCOk agindutako Europako arriskupeko hizkuntzen liburu gorria (Salminen, Tapani (2005, 1999)) izeneko txostenaren arabera ere, arriskupean dago, eta Wurm (2001) ere iritzi berekoa da.

Nazioartean aromanian eta mazedonio-romanian izenak erabiltzen dira hizkuntza hori izendatzeko. Arumanera hizkuntza indoeuroparra da, latindar adarrekoa, asturiera, galiziera, gaztelania, frantsesa, friulera, italiera, portugesa eta sardiera bezala.

Itxi