Munduko hizkuntzen amarauna
EUROPAKO HIZKUNTZAK

Arbėresha
Familia: Albaniarrak ( Hizkuntza indoeuroparrak )
Arbëresha, arbëreshëa edo arbresha Italiako albanierari deritzo. Grimesen arabera (2001), 80.000tik 100.000ra dira hiztunak, XV. mendean bertara joandako albaniarren ondorengoak. Priceren (2000) arabera, 100.000 inguru dira. Wright-ek (2004) dioenez, 7.000 dira Siziliako Piana degli Albanesi-n albaniera eguneroko bizimoduan darabiltenak. Antza denez, kristau ortodoxo izateak eta endogamiak (euren arteko ezkontzak) talde trinko gisa irautea ahalbidetu die (Derhemi 2002). Albanierak Italian ez du ofizialtasun-mailarik, baina, oraindik ere, etxeko hizkuntza omen da. Hala eta guztiz ere, 1999an Italian onartutako legearen arabera, albaniera tokiko hezkuntzan, administrazioan, epaitegietan eta hedabideetan erabil daiteke.

UNESCOk agindutako Europako arriskupeko hizkuntzen liburu gorria (Salminen, Tapani (2005, 1999)) izeneko txostenaren arabera, arbëresh aldaera ‘arriskupean’ dago. Hiztunen artean ere, bada hizkuntza galtzeko beldurra, gazteek gero eta gutxiago erabiltzen dutelako (Wright 2004).

Itxi