Munduko hizkuntzen amarauna
EUROPAKO HIZKUNTZAK

Aranera
Familia: Latindar hizkuntzak ( Hizkuntza indoeuroparrak )

Aranera Catalunyako Lleida herrialdeko Aran haranean (ikus 6. mapa) hizkuntza koofiziala da, katalanarekin eta gaztelaniarekin batera. Bost mila bizilagun dituen eskualde horretan, aranera irakaskuntzan, administrazioan eta hedabideetan erabiltzen da, eta bertara joanez gero, erraza da seinaleak araneraz ikustea nonahi. Koofizialtasuna, gainera, Catalunyako estatutuan onartzen zaio, eta bertako Consell Generau d’Aran erakundeak araneraren erabilera bermatu eta sustatu egiten du (Etxebarria 2002).

Aranera, izatez, gaskoieraren hizkuntzakia da, eta askoren ustez, okzitanieraren aldaera. Arandarrek ez dute inolako arazorik egoera hori onartzeko, badakitelako une honetan berea dela okzitaniera-multzotik ofizialtasun-maila duen aldaera bakarra. Aranera, gaskoiera eta okzitaniera bezala, hizkuntza latindarra da, eta, beraz, indoeuroparra.

Ofizialtasuna izan arren, egoera larrian dago, bertan katalana eta gaztelania zabaltzen ari baitira, Aran harana turismogune garrantzitsu bihurtu denetik. Wurmen (2001) ustez, hizkuntza hau ‘arriskupean’ dago. UNESCOk agindutako Europako arriskupeko hizkuntzen liburu gorria (Salminen, Tapani (2005, 1999)) izeneko txostenaren arabera Espainiako gaskoiera (hau da, aranera) ‘arriskupean’ dago, baina Frantziako gaskoiera ‘arrisku larrian’.

Itxi