Munduko hizkuntzen amarauna
EUROPAKO HIZKUNTZAK

Aragoiera
Familia: Latindar hizkuntzak ( Hizkuntza indoeuroparrak )
Hizkuntzen datu-bilketa: Inkesta ikusi >>
Aragoiera Espainia aldeko Pirinioetako Huescako iparraldean hitz egiten den hizkuntza da (ikus 6. mapa). Lehenago, Aragoi osoan hedatuta zegoen, baina azken mendeetan atzeraka egin du etengabe. Gaur egun Huescako ipar-ekialdean hitz egiten da batez ere, eta auzokoak ditu gaztelania hegoaldean eta mendebaldean, katalana ekialdean eta gaskoiera iparraldean, Frantzia aldean. Guztiak dira latinetik datozen hizkuntzak, eta hainbat hitz eta gramatika-egitura oso antzekoak dituzte.

Aragoieraz hitz egiten dutenak, gaur egun, 10.000 inguru dira (Consello d’a Fabla Aragonesa  2005), eta Huescako iparraldeko Ansó eta Echo herrietako biztanle batzuk izan ezik, gehienak Huescako ipar-ekialdean bizi dira. Mila banatik gora hiztun dituzte, esaterako, Samianigo eta Graus herriek. Gainera, Aragoin bertan katalanez ere hitz egiten da, eta batzuetan aragoiera eta katalanaren arteko muga geografikoa zehaztea oso konplexua da, hizkuntzak oso antz handia dutelako, eta ehunka urtetan mugakideak izan direlako.

Aragoieraren inguruan hainbat eztabaida dago. Batetik, badaude aragoiera gaztelaniaren aldaera dela diotenak. Bestetik, katalanaren aldaera dela dionik ere badago. Halere, bertakoek aragoiera hizkuntza beregaina dela aldarrikatzen dute.

Aragoieraren egoera oso larria da. Ez du inolako ofizialtasun-mailarik, ez da irakaskuntzan erabiltzen, eta transmisioa eteten ari da. Halere, badira aragoieraz idatzitako aldizkariak eta liburuak. Wurmek (2001) arriskupeko hizkuntzatzat jotzen du. UNESCOk agindutako Europako arriskupeko hizkuntzen liburu gorria (Salminen, Tapani (2005, 1999)) izeneko txostenean aragoiera ‘arriskupean’ dauden hizkuntzen artean dagoela esaten da, ume gutxik erabiltzen ei dutelako.

Aragoieraz aragonés eta fabla aragonesa deitzen zaio hizkuntzari.

Aragoiera hizkuntza indoeuroparra da, latindar adarrekoa, asturiera, galiziera, gaztelania, frantsesa, friulera, italiera, portugesa eta sardiera bezala.

Itxi