Munduko hizkuntzen amarauna
EUROPAKO HIZKUNTZAK

Andiera
Familia: Ipar-ekialdekoa (nakh edo veinakh azpitaldekoa) ( Kaukasoar hizkuntzak )
Andieraz Errusiar Federakundeko Kaukasoko Dagestan Errepublikako Botlikh eskualde menditsuan hitz egiten da (ikus 12. mapa), Andi, Gunha, Gagatl, Rikvani, Chakhno, Zilo, Munib eta Kuanhidatl herrietan, hain zuzen. Anditarrek auzokoak dituzte avartarrak (ikus avarera), karatarrak (ikus karatera), bagulaldarrak (ikus bagulalera), godoberitarrak (ikus godoberiera) eta botlikhtarrak (ikus botlikhera). Kaukasoko herriei eta hizkuntzei buruzko informazioa zenbateraino den nahasia erakusteko, ikus dezagun andierazko izenei buruz iturriek diotena. Morózovak eta Yéschenkok (1999) diote andieraz herritarrei khivannal deritzela, eta hizkuntzari kvannab mitsi deitzen zaiola. Pricek (2000), ostera, zera dio: herritarrei q’vannav edo q’vannaj deitzen zaiela, eta q’vannab mitsts’i hizkuntzari. Edozelan ere, nazioartean hizkuntza hau izendatzeko andi eta andii izenak erabiltzen dira.

Hiztunak 8.000 inguru dira batzuen ustez (Kolga eta beste 2001), eta 20.000 inguru beste batzuen ustez (Morózova eta Yéschenko 1999).

Andierak ez du inolako ofizialtasun-mailarik, eta ez da irakaskuntzan erabiltzen, zeregin horietarako avarera eta errusiera erabiltzen dira-eta. Baina azken urteetan, andieraz idatzitako aldizkari bat argitaratzen hasi dira (Mozórova eta Yéschenko 1999). Etorkizunean, andiera hizkuntzak arazo larriak izango ditu irauteko, gazteen belaunaldiek askoz errazago bereganatzen baitituzte Errusiatik datozkien ohitura eta bizimodu berriak, eta gurasoengandik jaso dituztenak alboratu egiten baitituzte. Horiez gain, andiera etxe barruan bakarrik erabiltzen den hizkuntza bihurtzen ari da (Kolga eta beste 2001).

Andiera hizkuntza kaukasiarra da, ipar-ekialdeko edo dagestandar azpitaldeko avaro-ando-tsezic azpitaldekoa, akhvakhera, avarera, bagulalera, bezhtera, botlikhera, chamalalera, didoera, godoberiera, hinukhera, hunzibera, karatera, khvarshiera eta tindierarekin batera.

Itxi