Munduko hizkuntzen amarauna
EUROPAKO HIZKUNTZAK

Alemana
Familia: Germaniar hizkuntzak ( Hizkuntza indoeuroparrak )
Hizkuntzen datu-bilketa: Inkesta ikusi >>

Alemana Europako hizkuntza hedatuenetakoa da. Alemanian hitz egiteaz gain, Austrian, Belgikan, Danimarkan, Liechtensteinen, Luxenburgon eta Suitzan ere erabiltzen da (ikus 7. mapa), eta hizkuntza ofiziala edo koofiziala da lurralde horietan. Gainera, Europako beste estatu batzuetan ere aleman-gutxiengo garrantzitsuak daude; hala nola, Hungarian, Txekian, Eslovakian, Polonian, Ukrainan, Serbian eta Errumanian.

Guztira, Europan zehar, 94 milioi lagunek –edo gehiagok, agian– hitz egiten dute alemanez. Alemana hizkuntza oso erabilia da irakaskuntzan, ofiziala edo koofiziala den estatu guztietan.

Alemanez deutch deitzen zaio alemanari. Alabaina, ingeles-hiztunek german hitza darabilte alemana izendatzeko (‘Germania’ hitzetik eratorria), gaztelania-hiztunek alemán (‘alemani’ tribu-izenetik eratorria), italiera-hiztunek tedesco eta errusiera-hiztunek nenienski (del Moral 2002).

Alemana hizkuntza indoeuroparra da, germaniar azpitaldekoa, alsaziera, daniera, faroeera, franciquera, frisiera, ingelesa, islandiera, luxenburgera, mochenoa, nederlandera, norvegiera, scotsera, suediera, yiddisha, walsera eta zinbrierarekin batera. Hizkuntza germaniarren artean mendebaldeko azpitaldean sartzen da, alsaziera, franciquera, frisiera, ingelesa, luxenburgera, mochenoa, nederlandera, scotsera, yiddisha, walsera eta zinbrierarekin batera. Gainera, askoren arabera, alsaziera, franciquera, luxenburgera, mochenoa, walsera eta zinbriera alemanaren dialektoak baino ez dira.

Itxi