Munduko hizkuntzen amarauna
EUROPAKO HIZKUNTZAK

Albaniera
Familia: Albaniarrak ( Hizkuntza indoeuroparrak )

Albaniera hizkuntzan 5 milioi lagun mintzatzen dira; batez ere, Albanian, Serbiako Kosovon eta Mazedonian (ikus 9. mapa). Albaniako biztanle gehienak (%98) albanieraz mintzatzen dira. Serbiako Kosovo eskualdeko %90 ere albaniar jatorrikoa da, eta bertan, gutxi gorabehera, 1.500.000 lagunek hitz egiten dute albanieraz. Mazedonian, Albaniarekiko eta Kosovorekiko mugetan, albaniar jatorriko 800.000 lagun bizi dira, Mazedoniako populazioaren %25, hain zuzen.

Horiez gain, badira albaniar-kopuru garrantzitsuak Montenegron (50.000 inguru), Italian (ikus arbëresha sarrera) eta Grezian (ikus arvaritea sarrera).

Hizkuntzalaritzan, oro har, albaniera hizkuntza bakartzat jotzen den arren, badira bere baitan hizkuntza beregain bi direla aldarrikatzen dutenak (Grimes 2000): ghega eta toska, alegia. Lehena Kosovon eta Albaniako iparraldean erabiltzen da. Toska, ostera, batez ere Albanian zehar. Albaniera hizkuntza bakartzat jotzen dutenen arabera, ghega eta toska aldaerak dira.

Albanian hizkuntza ofizial bakarra da, eta irakaskuntzan guztiz hedatuta dago. Serbiako Kosovon gero eta hizkuntza-eskubide gehiago ari dira biltzen albaniera-hiztunak.

Albanieraz hizkuntzaren izena shqip da (del Moral 2002), eta Albaniari Shqipëria deitzen diote.

Albaniera hizkuntza indoeuroparra da, adar beregain batekoa, eta ez du hizkuntza-adarrean beste kiderik.

Itxi