Munduko hizkuntzen amarauna
EUROPAKO HIZKUNTZAK

Adyghera
Familia: Ipar-mendebaldekoa ( Kaukasoar hizkuntzak )

Adyghera hizkuntzan adygebze edo adygabze deritzo hizkuntzari, eta adyge herritarrei (Morózova eta Yéschenko 1999). Nazioartean, ostera, adigei, adyge, adygei, adygey, adygh, adyghe, adyghian, circassian, kiakh eta kjax terminoak erabiltzen dira.

Adygheraz Errusiar Federakundeko Adyghe Errepublikan hitz egiten da (ikus 12. mapa), eta errepublika horretako hizkuntza koofizialetako bat da, errusiera eta kabardiera hizkuntzekin batera. Halere, badira adyghera-hiztunak Krasnodar herrialdean ere.
Adyghera-hiztunak 125.000 inguru dira, 105.000 inguru Adyghe Errepublikan, eta 20.000 inguru Krasnodar herrialdean.

Adyghetarrak, Kaukasoko beste herri askotako herritarrak bezala, tsarren garaian (XIX. mendean) kanporatu egin zituzten beren herrialdetik, ekialderantz, eta gaur egun asko eta asko bizi dira Turkian, Jordanian eta Sirian.

Hizkuntza koofiziala denez, hezkuntzan erabiltzen da, baina arlo horretan errusiera da hizkuntza nagusia.

Adyghera hizkuntza kaukasiarra da, ipar-mendebalde azpitaldekoa, abazera, abkhazera, kabardiera eta ubykherarekin batera.

Itxi