Munduko hizkuntzen amarauna
EUROPAKO HIZKUNTZAK

Abkhazera
Familia: Ipar-mendebaldekoa ( Kaukasoar hizkuntzak )

Abkhazeraz Ashvy deritzo abkhazera erabiltzen den lurraldeari. Herritarrei, ostera, apsua deritze (Kolga eta beste 2001). Nazioartean abkhaz, abkhazian, abxaz eta abxazo izenak erabiltzen dira hizkuntza hau izendatzeko.

Abkhazera hizkuntzak abazerarekin eta ubykherarekin hizkuntza-taldea osatzen du, eta berezitasun linguistiko hauek dauzkate: kontsonante-sistema konplexua (abkhazerak 58-67 kontsonante; dialektoen arabera, abazerak 63); SOA hitz-hurrenkera (euskarak bezala); subjektuarekiko, osagarri zuzenarekiko eta zehar-osagarriarekiko aditz-komunztadura (euskarak bezalakoa); eta egitura ergatiboa (euskarak bezala) (Kazan 2005). Horiek dira, besteak beste, hainbat hizkuntzalarik euskararen eta hizkuntza kaukasiarren arteko antzinako senidetasuna aldarrikatzearen arrazoia.

Abkhaziarrak Abkhazia izeneko lurralde menditsuan bizi dira, Itsaso Beltzaren hego-mendebaldean, Georgia estatuan (ikus 12. mapa), Kaukaso lurraldean. Abkhazia eskualde autonomoa da Georgia barruan, eta praktikan, Errusiar Federakundearen babesaz, independente dihardute abkhaziarrek, Georgiarekiko loturak eguneroko bizimoduan etenda. Izan ere, 1992an georgiarrek Abkhazia menderatu zuten arren, 1993an abkhaziarrek garaipena lortu zuten (Price 2000).

1989an egindako erroldaren arabera, Sobietar Batasunean 103.000 ziren abkhaziarrak, horietako 93.000 Abkhazian bertan. Abkhaziarrak gutxiengoa dira Abkhazian, populazioaren %17 baino ez dira-eta. Abkhaziako gainerako herritarrak, jatorriz, %44 georgiarrak dira, %16 errusiarrak eta %15 armeniarrak, 1979ko erroldaren arabera.

Abkhazera hizkuntza kaukasiarra da, ipar-mendebalde azpitaldekoa, abazera, adyghera, kabardiera eta ubykherarekin batera.

Itxi