Munduko hizkuntzen amarauna
EUROPAKO HIZKUNTZAK

Votera
Familia: Uraldar hizkuntzak

UNESCOk agindutako Europako arriskupeko hizkuntzen liburu gorria (Salminen, Tapani (2005, 1999)) izeneko txostenaren arabera, votera ‘heriotzatik hur’ dago, hiztunik gazteena 1930. urtean jaio ei zen-eta. Wurmek (2001) ere egoera bertsuan dagoela dio, hark ‘hiltzear’ dagoela esaten duen arren.

Votarrek vadjalain, vaddalain edo vadjakko (votarra) deitzen diote beren buruari; maavätchi votarren herriari; eta vadyaa cheeli edo maacheelii, berriz, voterari (Kolga eta beste 2001). Nazioartean, votian, vote, vodian, votish eta votic deitzen zaio hizkuntzari.

Votarrak, gaur egun, bost herritan bizi dira, Errusiar Federakundeko San Petersburgo Herrialdeko Kingissepp eskualdean (ikus 10. mapa). Halere, azken mendeetan, Estonia eta San Petersburgon arteko lurraldean herrixketan barreiaturik bizi izan dira. XIX. mendean desagertu egin ziren Estoniatik (Price 2001).

Votera-hiztunak gero eta gutxiago dira: 1848ko kontaketa batean 5.000 inguru ziren, eta Errusian 1989an egindako erroldaren arabera, 31 baino ez dira (Vaba eta Viikberg, 2002). Halere, gaur egun, Grimesen (2005) arabera, 25 dira hiztunak, eta Priceren (2001) ustez, hizkuntza hilda dago.

Esan beharrik ez dago, zoritxarrez, voterak ez duela inolako babes ofizialik. Egundo ere ez da idatzi, eta Errusian 1930. urtearen inguruan hizkuntza txikiek loraldia bizi izan zutenean ere, ez zuen lekurik izan hezkuntzan.

Vodera hizkuntza uraldarra da. Hizkuntza uraldarrak Europan eta Asian hitz egiten dira. Europan makina bat dira; hala nola, erzyera, estoniera, finlandiera, hungariera, ingriera, komiera, komi-permyakera, livera, livviera, ludiera, mariera, mokshera, samiera, udmurtera, vepera eta vodera.

Itxi