Munduko hizkuntzen amarauna
EUROPAKO HIZKUNTZAK

Vepera edo vepsiera
Familia: Turkiar hizkuntzak ( Altaitarrak )

Veptarrak Errusiar Federakundeko Ladoga, Onega edo Äänisjärv eta Betoye Ozaro edo Valgjäru lakuen artean bizi dira (ikus 10. mapa), hiru taldetan berezita (Kolga eta beste 2001): Karelia Errepublikan, San Petersburgo Herrialdean eta Vologda Herrialdean. Veptarren lurraldea, beraz, zatituta dago administrazio ezberdinen artean. Lurralde horretan, gainera, barreiaturik bizi dira veptarrak gaur egun, errusiarren artean.
Veptarrek beren buruari vepslaized, bepslaazed, lüdinikad eta lüdilaized (pluralez denak) deitzen diote. Nazioartean, ostera, veps eta chud esaten zaie.

Errusian 1989an eginiko erroldaren arabera, 12.000 inguru dira veptarrak; 5.600 Karelian, 4.000 San Petersburgo Herrialdean eta 1.000 inguru Vologda Herrialdean. Horietatik erdiek baino ez ei dakite veperaz (Vaba eta Viikberg 2002). Bigarren Mundu Gerraren ostean, gazteak hirietara hasi ziren joaten, eta ordutik hona etengabe higatu da haien kultura eta hizkuntza. Esaterako, San Petersburgo eta Vologda herrialdeetan ez omen dago berrogei urtetik beherako vepera-hiztunik, veperaz dakienik (Vaba eta Viikberg 2002).

Vepera hizkuntzak eta veptarren kulturak loraldia izan zuen XX. mendearen hasieran. Errusiako Sobieten aginte-garaian veptarren lurraldea 24 administrazio-unitatetan banandu zen, eskualde bitan: Vidla (Leningraden) eta Shoutjärve (Karelian). Vepera eskoletan sartu zen, eta idazten hasi zen, alfabeto latindarra erabiliz. Horretarako, gutxiengoen aldeko lan-taldea lanean jarri zen. 1932an, veperazko lehen liburua argitaratu zen, eta laster beste 30ek ikusi zuten argia; batez ere, hezkuntzako liburuak ziren. Irakasleak veperaz trebatzeko eskola ere sortu zen. Alabaina, 1937an, gutxiengoen aurkako zapalketa hasi zen Errusian, eta ordutik aurrera, vepera hizkuntza eta kultura guztiz baztertuak izan ziren: kultura-jarduerak etenak, eskolak itxiak, testu-liburuak erreak, bepstarren eskualdeak deseginak, eta abar. Veptarrek alde egin zuten hirietara, eta errusiar kulturan murgildu ziren. Gaur egun, vepera Shoutjärve eskolan baino ez da erakusten, eta aukerako irakasgai gisa.

UNESCOk agindutako Europako arriskupeko hizkuntzen liburu gorria (Salminen, Tapani (2005, 1999)) izeneko txostenaren arabera (Salminen, Tapani (2005, 1999)), hizkuntza hau ‘arrisku larrian’ dago, umeek ez baitute ikasten. Wurmek (2001) ere egoera bertsuan dagoela uste du.

Vepera hizkuntza uraldarra da. Hizkuntza uraldarrak Europan eta Asian hitz egiten dira. Europan makina bat dira; hala nola, erzyera, estoniera, finlandiera, hungariera, ingriera, komiera, komi-permyakera, livera, livviera, ludiera, mariera, mokshera, samiera, udmurtera, vepera eta vodera.

Itxi