Munduko hizkuntzen amarauna
EUROPAKO HIZKUNTZAK

Abazera
Familia: Ipar-mendebaldekoa ( Kaukasoar hizkuntzak )
Hizkuntzen datu-bilketa: Inkesta ikusi >>

Abazera hizkuntzan, gutxi gorabehera, 45.000 lagunek hitz egiten dute (Ager 2005) munduan zehar. Hiztun gehienak Errusiar Federakundeko Karachay-Cherkessia Errepublikan bizi dira, 13 herritan (Kolga eta beste 2001), eta beste zenbait Errusiar Federakundeko Kabardinian, Nogay eta Adyghian errepubliketan (ikus 12. mapa), eta Turkian, non gerrate kaukasiarren garaian (XIX. mendearen bigarren aldian) babestu ziren.

Abazeraz abaza edo byzsva deritzo hizkuntzari (Morózova eta Yéschenko 1999). Nazioartean hizkuntza hori izendatzeko abaza, abazin, abazintsy, ahuwa, asuwa eta tapanta hitzak erabiltzen dira.

XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran abazeraz idazteko lehen ahaleginak egin ziren, horretarako alfabeto arabiarra erabiliz. 1932an alfabeto latindarrean oinarritutako idazkera erabiltzen hasi ziren, baina 1938tik aurrera, Moskuko gobernuak aginduta, alfabeto zirilikoa nagusitu zen.

Gaur egun, abazera hezkuntzan erabiltzen da, eta Karachay-Cherkessiako Pedagogia-Unibertsitatean ere bai (Morózova eta Yéschenko, 1999). Abazerazko lehen aldizkaria 1938an argitaratu zen.

Abazeraren berezitasuna da fonologia-sistema konplexua izatea, munduko hizkuntzen artean aberatsenetakoa. Bokal gutxi izan arren, 61 kontsonante ditu (O’Herin 2002). Fonologia-arloko konplexutasuna bere familiakoak diren abkhazera eta ubykhera hizkuntzena adinakoa da. Horrez gain, euskararen antzera, SOA hurrenkerakoa da, morfologian ergatiboa darabil, eta aditzean marka anitz biltzen du –esaterako, subjektua, osagarri zuzena eta zehar-osagarria–.

Abazera hizkuntza kaukasiarra da, ipar-mendebalde azpitaldekoa, abkhazera, adyghera, kabardiera eta ubykherarekin batera.

Itxi