Munduko hizkuntzen amarauna
EUROPAKO HIZKUNTZAK

Udmurtera edo votyakera
Familia: Uraldar hizkuntzak

Udmurtera Errusiar Federakundeko Udmurt (Udmurtia) Errepublikako hizkuntzetako bat da (ikus 10. mapa). Errepublika hori Komi Errepublikaren hegoaldean dago, eta garrantzitsua da hori esatea, komiera eta udmurtera antzeko hizkuntzak direlako. Priceren (2001) liburuan, esaterako, komierak eta udmurterak hiztegiaren %80 berdina dutela esaten da.

Errusian 1989an eginiko erroldaren arabera, 750.000 inguru dira urdmurtarrak (Price 2001), baina badirudi horietako 550.000k baino ez dakiela jatorrizko hizkuntzan (Grimes 2000), gutxi gorabehera %77k. Katzneren (1995) ustez, 600.000 inguru dira hiztunak, eta Bernhardtek (2005) esaten du Udmurteko Unibertsitateko Reshetnikov errektoreordeak 15.000 baino ez direla diola.

Edozelan ere, UNESCOrentzat eginiko Europako arriskupeko hizkuntzen liburu gorria (Salminen, Tapani (2005, 1999)) izeneko txostenean, hizkuntza hau ‘arriskupean’ dagoela esaten da, umeek ikasten duten arren, erabiltzen ez dutelako.

Udmurteraren lehen gramatika 1775. urtean idatzi bazen ere, 1920-30 hamarkadara arte ez zen ahaleginik egin hizkuntzaren alde. Gaur egun, 1994ko Errusiar Federakundeko konstituzioaren arabera, urmurtera eta errusiera Udmurt Errepublikako hizkuntza ofizialak dira. Halere, badirudi administrazioan erabilera txikia duela hizkuntza honek (Vaba eta Viikberg 2002). Bernhardten (2005) arabera, hizkuntza oso egoera larrian dago.
Antzina hizkuntza hau ezagunagoa zen votiak edo votyak izenez. Gaur egun, udmurt da nazioartean gehien erabiltzen den terminoa. Udmurteraz udmurtarrak deitzeko hitza udmurt da, edo dialekto desberdinetako aldaki hauek: vudmurt, odmort, udmort eta ukmort.

Udmurtera hizkuntza uraldarra da. Hizkuntza uraldarrak Europan eta Asian hitz egiten dira. Europan makina bat dira; hala nola, erzyera, estoniera, finlandiera, hungariera, ingriera, komiera, komi-permyakera, livera, livviera, ludiera, mariera, mokshera, samiera, udmurtera, vepera eta vodera.

Itxi