Munduko hizkuntzen amarauna
EUROPAKO HIZKUNTZAK

Udiera
Familia: Ipar-ekialdekoa (dagestandarra) ( Kaukasoar hizkuntzak )
Udieraz Hego Kaukasoko Azerbaijanen eta Georgian hitz egiten da (ikus 12. mapa); Azerbaijanen, Vartashen eta Nidj herrietan; eta Georgian, Oktomber edo Zinobiani herrian. Uditarrak, beraz, estatu biren artean zatituta daukate beren lurraldea.

Udiera hizkuntza kaukasiarren arteko zaharrena dela uste da, eta uditarrek bertako biztanlerik zaharrenetakoak direla, antzina Kaspiar Itsasoaren itsasertzean bizi izan ziren arren.

Gaur egun, hizkuntza honen biziraupenak bi arerio nagusi ditu. Batetik, hezkuntzan ez erabiltzeak kalte handia dakarkio, oso gaztetatik uditar guztiek azerbaijanera edo georgiera ikasi behar baitute eta haientzat udieraren prestigioa galtzen baita, hizkuntza idazten ez delako. Bestetik, uditarrek hirietara bizi izatera joateko joera dute, eta hirietan udieraren transmisioa eta erabilera apalagoa da (%82, 1970ean eginiko ikerketan), jatorrizko herrietan baino (%98). Gainera, hirietara bizitzera joatea gorantz doan neurrian, hirietan udiera erabiltzea beherantz dator (Kolga eta beste 2001). Laburbilduz, beraz, udiera arriskuan dago.

Udiera hizkuntza kaukasiarra da, ipar-ekialdeko edo dagestandar azpitaldeko lezgic azpitaldekoa, aghulera, archiera, budukhera, khinalughera, krytsera, lezgiera, rutulera, tabasaranera eta tsakhurerarekin batera.

Itxi